Euskara Sailak eta Escivik 'Andoain Laburrean' lehiaketa antolatu dute

Aurkezpena. Ainhoa Rodríguez (Euskara zinegotzia) eta Ainhoa Aiertza (Bideo eta Zine Eskola).
/UNANUE
Aurkezpena. Ainhoa Rodríguez (Euskara zinegotzia) eta Ainhoa Aiertza (Bideo eta Zine Eskola). / UNANUE

Bideo lehiaketa honetan 16 urte edo gehiago duen profesionala ez den eta Andoainen bizi, ikasi edo lan egiten duen edozeinek har dezake parte

MARIVI OLANO ANDOAIN.

Andoaingo Udaleko Euskara Sailak eta Escivik (Andoaingo Zine eta Bideo Eskola), Elkar argitaletxea laguntzarekin, III. Andoain Laburrean Bideo Lehiaketa antolatzen dute.

Lehiaketan 16 urte edo gehiago duen (2018ko abenduaren 31rako 16 urte betetzen dituztenak), profesionala ez den eta Andoainen bizi, ikasi edo lan egiten duen edozeinek har dezake parte.

Bideoak hizkuntz edukiren bat izatekotan (ahotsa, musika, elementu grafikoak...), honek euskarazkoa behar du izan. Gaia librea da eta ez du zertan mugaturik Andoainera edo beste ezein eremu geografikotara. Nolanahi ere, Andoaingo herriari edo Andoaingo pertsona edo gertakari ezagun bati buruzko erreferentziaren bat jasotzea hobetsiko da, eta hala egindakotzat joko da Andoainen grabatua izatea edo Andoain herriaren edo bertako pertsonaiaren baten aipamena nabarmentzea.

Bideoak gehienez ere 15 minutuko iraupena izango dute, kredituak barne eta lanek lehiaketa honetarako sortuak izan behar dute. Lanak edozein generotakoa izan daiteke: filmea, publizitate spota, elkarrizketa, dokumental laburra, bideoklipa, bideoartea, animazioa...

Bi modutan aurkeztu ahal izango dira: My Air Bridge (www.myairbridge.com) bidez bidali daitezke bideoak euskarazerbitzua@andoain .eus postara, edota Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuan, astelehenetik ostiralera, goizeko 8:30etik 14:00etara.

Bideoarekin batera entregatu beharko dira egilearen edo egileen izena eta abizenak, jaiotze datak, Andoainen duten harremana (herrian bizi, ikasi edota lan egin), kontaktua eta bideo laburraren izenburua.

Lanak bakarkakoak edo taldekoak izango dira. Partaide bakoitzak gehienez bi lan aurkez ditzake, bakarka zein taldeka bada ere.

Bideoak aurkezteko baliatu daitezkeen artxibo motak honakoak dira: mov, mpeg, flv eta wmv. Nahi den bereizmena izan dezakete lanek. Aukeran, 1280x720p (HD Ready) edo 1920 x 1080p (Full HD) bada hobe.

Antolatzaileek ez dituzte nahitaez bere egiten aurkeztu diren lanetan egiten diren adierazpenak, erabilitako irudiak edota jasotako iritziak. Beraz, ez dute horien gaineko inolako erantzukizunik.

Era berean, antolatzaileek lehiaketatik at utziko dituzte hirugarren pertsonen irudiari, ohoreari eta integritateari kalte egin diezaioketen lanak.

Lanak aurkezteko azken eguna 2018ko otsailaren 2a, ostirala, izango da. Lehiaketan hiru sari banatuko dira: irabazleak 400 euro jasoko ditu, bigarrenak 200 euro izango ditu eta hirugarrenak 100 euro irabaziko ditu. Sari horiez gain, saridunek Elkar argitaletxeak eskainitako materiala ere jasoko dute.

Epaimahaia hiru adituk osatuko dute: Joxefelipe Auzmendi, telebista eta bideo produktorea; Ainhoa Morales, telebistako 2. kamara laguntzailea; eta Joseba Sacristán Garmendia, kazetaria eta Gazteako esataria. Haiek erabakiko dituzte sariak, beti ere aurkeztutako lanen kalitate teknikoa, originaltasuna eta sormena kontuan hartuta.

Sari banaketako ekitaldia 2018ko otsailaren 15ean izango da, Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoan, arratsaldeko 19:00etan. Bertan jakingo da epaimahaiaren erabakia eta bertan lan onenak proiektatuko dira, Kimuak proiektuko lan batekin batera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos