Diario Vasco

Irrintzi bat festak ospatzeko

Urnietako Sanmieletan izango da irrintzi lehiaketa.
Urnietako Sanmieletan izango da irrintzi lehiaketa. / JUANFER
  • Datorren igandean, urriak 2, 'Maria Arizmendi Irrintzi Lehiaketa' antolatuko da Urinetako Sanmieletan arratsaldeko 19:00etan

Zortzigarrenez antolatuko da Urnietako Sanmieletan 'Maria Arizmendi Irrintzi Lehiaketa'. Urriaren 2an, igandea, arratsaldeko zazpietan izango da San Juan plazan. Urnietako Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak antolatuta, lehiaketa parte hartu nahi duen ororentzat zabalik dago eta bi mailatan banatuko da: atal nagusia edo helduena, 14 urtez gorakoentzat eta gaztexoen atala, 14 urtez beherakoentzat.

Antolatzaileek Euskal Herrian barrena irrintzi egiteko ohitura eta gaitasuna duten herritarrak erakarri nahi dituzte Urnietako saiora, herriko jaietan eta hamaika kultura eta folklore ospakizunetan irrintzia botatzeko ohitura eta iaiotasuna duten herritar horiek, hain zuzen ere. Horretarako, lehiaketa irabazten dutenentzako sariez gain, bidaia-saria ere aurreikusi dute, Urnietara kanpotik datozen irrintzilariei kilometroen arabera ordainduko zaiena aurreikusitako diru-kopurua agortu bitartean. Hori bai, kanpotik datozenek urriaren 1a aurretik eman beharko dute izena bertaratze gastua jaso ahal izateko, 656782521 zenbakira deituta.

Irabazleak garaikurra eta 300 euroko saria izango du. Bigarrenak, garaikurra eta 100 euroko saria. Urnietarren irrintzirik txukunenak ere jasoko du bere saria, garaikurra eta 50 eurokoa. Sari hauek guztiak helduen atalean izango dira. Haurren atalean, berriz, garaikurrarekin batera sari ekonomiko apalagoa jasoko dute. Sariak erabakiko dituen epaimahaia lau lagunek osatuko dute eta, besteak beste, indarra eta ozentasuna, abiadura, tonua, garapena eta kolpe bakarreko irrintzia izango dira aintzakotzat hartu beharko dituen ezaugarriak.

Maria Arizmendi

Maria Arizmendi 1909. urtean jaio zen Urnietan eta XX. mende osoan zehar euskal kulturgintzaren eta folklorearen erreferentzia izan zen Urnietako herrian, oso bereziki antzerkigintzan. Urte luzez ahalegindu zen euskal nortasuna gordetzen eta suspertzen, 1936ko Gerra zibilaren oso garai eta ataka zailak bizi behar izan zituen arren. Euskal kulturaren eta folklorearen aldarrikapena egin zuen beti, konplexurik gabe, eta bere beste ekarpen nagusiez gain, bazen ezaguna alaitasunez irrintzi dotoreak egiteko zuen ohituragatik ere.