Diario Vasco

Ekimenez beteriko astea EH Bilduren proiektua zabaltzeko

Kanpaina hasierari gogotsu ekin zion EH Bilduk. Ostegunean antolatutako afari herrikoian 40 lagun elkartu ziren eta iritzi eta inpresioak banatzeko tarte paregabeaz gozatu zuten bertaratutakoek.

Hala ere, EH Bilduren kanpainako ekitaldiak ez dira afariarekin amaitzen. Asteazkenean, hilaren 14an, Aiotzategin (Erribera Plaza), 19:00etatik aurrera umeei zuzendutako tailer koloretsuak antolatu ziren. Gaur, aldiz, ordu berean, informazio banatzen izango dira EH bilduko kideak Norberto Almandoz plazaren inguruetan.

Bihar, ostiralean, jaia antolatu du EH Bildu Astigarragak Joseba Barandiaran Plazan. 19:00etatik aurrera izango da eta bertan, jolasteko, jateko, musikarekin gozatzeko... tartea izango da. Alaitasunez eta umorez betetako plazan bilakatu nahi da Joseba Barandiaran Plaza. Beraz, herritar guztiei bertaratzeko gonbitea egiten diete, «guztiontzako tartea izango baita bertan».

Larunbatean Bilboko Miribillan egingo den Mitin-Jaira joan ahal izateko autobusa antolatu da ere eta nahi duenak Zipotzan apuntatzeko aukera izango du bertan dagoen zerrendan.

Azkenik, igandean, bizikleta-martxa antolatu du EH Bilduk mugikortasun astea 16tik-22ra dela aprobetxatuta. Bizikleta hartuta herrian zehar ibiliko dira EH Bilduren mezua zabaltzen.

«Ez dago esan beharrik, ostiralekora ez ezik, gainontzeko ekitaldietan parte-hartzeko deialdia egiten dietela herritarrei», esaten dute EH Bildutik.