Diario Vasco

Astigarragako inguruetako isilpekoak aurkitzeko aukerarik onena

Ekintza mordoa egongo dira asteburu honetan.
Ekintza mordoa egongo dira asteburu honetan.
  • 'Sagardo ibaiak, bizitza iturri' erakusketa Urumea ibaiaren eta bertako sagardotegien sekretuak ezagutzeko irekiko da ostiral honetan

'Sagardo ibaiak, bizitza iturri' erakusketa ostiral honetatik datorren igandera, irailak 25, ikusi ahal izango da Astigarragako Sagardoetxea museoan, Usurbilen eta Hernanin ikusgai egon ostean. Erakusketaren inaugurazioa ostiral honetan egingo da, 19:00etan, Lourdes Odriozola Sagardoetxeko historialariak gidatuko duen bisitarekin. Irekierarekin batera, Sagardoaren Lurraldeak antolatu duen ekimenaren bitartez parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte erakusketan azaltzen diren hainbat xehetasun eta bitxikeria.

Larunbat honetan, 15:30ean, Arraun Lagunak klubak Donostiako Martutene auzoan duen ontziralekutik abiatuko da arraunlari taldea, Gondolin Kluba stand up paddle eskolako begiraleek lagunduta. Ibilbidean zehar, Lourdes Odriozola historialaria ibai honen iraganari buruz arituko da, Urumeak sagardoarekin duen harremana eta beste sekretu batzuk urgaineratuko dituen bisita gidatuan.

Arraunlari taldea 17:30ak aldera Ergobiako zubira ailegatzea aurrikusten da, bi ordu beranduago. Iritsitakoan, parte-hartzaileek Astigarragako auzo honetan XX. mendean zeuden sagardotegiak ezagutuko dituzte, sagardo eta pintxo dastaketa batekin amaituko den musikaz lagundutako bisita gidatuan.

Ostiraletik aurrera Sagardoetxean irekita egongo den 'Sagardo ibaiak, bizitza iturri' erakusketak Urumea eta Oria ibaien inguruko ikerketak ditu ardatz. Ibaiok sagardoaren inguruko sekretu ugari gordetzen dituzte, eta bi bailaretako bizilagunen komunikazioaren eta harreman ekonomikoen artikulazioa ahalbidetu zuten.

Gipuzkoak aintzinaroan izan zituen bizitza iturri nagusienetakoak izan ziren, eta inguruko bizilagunentzako aberastasunaren jatorri. Garai jakin batzuetan teknologia zentro aurreratuak izatera ere iritsi ziren. Gainera, Urumea eta Oriaren ur-bazterrak denetariko istorioen lekuko izan dira, hala nola, XVIII. mendeko langileen greba bat, Ergobian ordaindu behar zen bidesaria, itsasoko lanei lotutako langileen soldataren zati bat sagardoarekin ordaintzen zenekoa, Astigarragako alkate bizargina eta Murgiako Jaunen haserrea, Ignacio Soroakoa Usurbilgo ainguragile ezagunaren amodio-aferak...

Erakusketa irailaren 25a arte egongo da ikusgai Sagardoetxean. Egun horretan, XVI. Sagar Uzta 2016 ospatuko da Astigarragan. Bien bitartean, astelehenetik ostiralera 11:00atik 13:30era eta 16:30etik 19:30era bisitatu ahal izango da, eta igandeetan 11:00atik 13:30era. Hernanin eta Usurbilen egin bezala, ikastolentzako eta taldeentzako doako bisita gidatuak izango dira, aldez aurretik adostutako egun eta ordutegian.

Temas