Diario Vasco

Jokin Lizeaga korrikalaria Urnietar Prestua izendatuko dute jaietan

Uztailaren 13an egindako batzarrean hartu zuen erabakia Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak. Aurtengo Urnietar prestua Jokin Lizeaga Mitxelena izango da, kirolari korrikalaria eta irakaslea, mendi lasterketetan urte gutxiren buruan ibilbide bikain bezain harrigarria lortu duena Euskal Herrian eta nazioarte mailan. Egun, mendi lasterketaren esparruan gutxi dira munduan urnietarraren maila ematen dutenak. Oso ezaguna da herrian baita ere, Zanpatuz izeneko mendi elkartearen sortzaile eta eragile nagusia delako, elkarte horri esker hainbat dira urnietar gazte eta helduak Euskal Herriko eta atzerrietako mendiak ezagutu eta izadiarekiko harremana egin ahal izan dutenak.

Urnietan jaio zen, 1979. urtean, Martin Lizeaga eta Maritxu Mitxelenaren semea. Oinarrizko ikasketak egiteko Azkorteko eskoletan ibili ondoren, batxilergoa Hernaniko Agustin Iturriaga institutuan burutu zuen eta ondoren Gasteizko SHEE/IVEF-en heziketa fisikoan lizentziatu zen 2002. urtean. Gaur egun, heziketa fisikoko irakasle gisa dihardu Lekarozko institutuan (Nafarroa).

Aurten Iñistor jaia urriaren 2an izango da Urnietan eta, jakina denez, jai horren bazkalosteko bertso saioa amaiturik eskuratzen zaio Urnietar Prestu izendatuari sariaren bizkar-zapia eta ziurtagiria. Beraz, Jokin Lizeagak urriaren 2an, arratsaldeko bostak aldera jasoko du, Jakutegi plazako olanape handian. Egun polita berarentzat.

Gogoan izan behar da, bide batez, Jokinen aitak, Martin Lizeagak sari edo izendapen hau bera jaso zuela ere 2012. urtean Juanito Iguaranekin batera, Tolosako plazan jokatutako apustu gogoangarriaren 50. urteurrenean.

Bazkaria

Iñistor jaian sarituarekin batera Jakutegi plazako olanapean antola-tzen den bazkarira joan nahi dutenek bazkarirako txartela eros dezakete (heldu zein haurrena) Kantoi eta Guria tabernetan. Dagoeneko salgai daude (25 eta 16 euro).