Borrar
Goizuetako elizan eskaini zuten Leitzako Jeiki abesbatzako kideek euren emanaldia.
Azaro kulturalaren baitan ekitaldi ugari Goizuetan

Azaro kulturalaren baitan ekitaldi ugari Goizuetan

Asteburu honetan izandako Xalto bertso sariketaren edizio berrian, Alazne Untxalo iturendarrak irabazi zuen

E. BELAUNTZARAN

Martes, 24 de noviembre 2015, 00:33

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Goizuetako Azaro kulturalaren baitan azken asteburuan ere ekitaldi ugari izan ziren. Ostiralean, esaterako, Umore Ona elkartean, Xalto Sariketaren finala jokatu zen. Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du Xalto sariketaren edizio hau ere, Goizuetako Udalaren babesarekin eta Umore Ona elkartearen laguntzarekin.

Xalto sariketa bi urtetik behin egiten da eta aurtengoa hamahirugarren edizioa izan zen. Bertan, Alazne Untxalo iturendarrak lortu zuen sari nagusia. Bertso-afari formatuan Umore Ona elkartean, zazpi bertsolari aritu ziren kantuan: Saioa Alkaiza (Iruñea), Patxi Castillo (Bera), Iker Gorosterrazu (Ituren), Manex Mailharin (Berriozar), Alazne Untxalo (Ituren), Sarai Robles (Barañain) eta Egoitz Gorosterrazu (Ituren). Amaia Elizagoienek ez zuen parte hartu. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Maider Ansa aritu zen. Gai sozial, politiko eta umoretsuak tratatu zituzten eta elkartean bildutako 40 lagunek primeran pasa zuten.

Nafarroako bertsolari gazteak lehen fasean zortziko handian, zor-tziko txikian eta puntu-erantzunean aritu ziren. Alazne Untxalo eta Saioa Alkaizak lortu zituzten puntuaziorik altuenak eta buruz-burukora pasa ziren. Kopletako saioa zein bakarkako ariketa amaitu ostean, Zuriñe Lujanbio Goizuetako zinegotziak jantzi zion txapela Untxalori.

Larunbatean berriz, Azaro kulturalaren baitan, Leitzako Jeiki Abesbatzak emanaldia eskaini zuen elizan. Kanta sorta bikaina prestatu zuten leitzarrek Goizuetako saiorako eta giro ezin hobean primerako emanaldia eskaini zuten maila oso ona erakutsiz. Nekane Piñuela aritu zen zuzendari lanetan larunbateko saioan. Txalo zaparrada bikaina jaso zuten Jeiki abesbatzeko kideek amaitutakoan. Gogoan izan behar da, Leitzako abesbatzak iaz 40 urte bete zituela kantu munduan eta ospakizun berezi honen baitan, saio desberdinak izan zituela urteurren berezian. Esaterako, Mozarten Requiema eskaini zuten.

Igandean, 'Difret' filma ikusi ahal izan zen Ganbaran.

Azken txanpa

Azaro kulturalaren azken hitzorduak izango dira datorren asteburuan. Ostiralean, hilaren 27an, 'Amama' filma ikusteko aukera izanen da Ganbaran 19:00etan. Sarrera 2 euro kobratuko da. Larunbatean, berriz, hitzordu garrantzitsua izango da Goizuetan. Azoka eguna izango da eta beste behin ere artisau, nekazaritza eta azienda erakusketa egingo da herriko erdigunean eta Txino auzoaren pilotaleku inguruan.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios