Sasiakazia espezie inbaditzailea aztertuko dute Loidi bekaren irabazleek

Nerea Amaia Laskurain, Josune Gomez eta Maddi Mujikak lanaren ezaugarriak azaldu zituzten. / F. DE LA HERA

Nerea Amaia Laskurain eta Maddi Mujikak aurkeztutako proiektuak zuhaitz honen hazkuntza eskualdean ikertuko du

JOANA OCHOTECO IRUN.

'Sasiakazia (robinia pseudoacacia ) espezie inbaditzailearen azterketa dendrokronologikoa Bidasoa behera eskualdean' da Jose Antonio Loidi beka irabazi duen lanaren izena. Josune Gomez Euskara ordezkariak lanaren egileak aurkeztu zituen, Nerea Amaia Laskurain eta Maddi Mujika Arrizabalaga bergararrak, eta hauek burutuko duten ikerketaren xehetasunak azaldu zituzten.

Nerea Amaia Laskurain Biologian doktorea da eta irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean. Sasiakaziaren inguruko proiektua bere zuzendaritzapean burutuko da. Maddi Mujika Ingurumen Zientzietan graduatua da eta lanaren garapenaz arduratuko da. «Zuhaitzen hazkuntza eta dinamika aztertuko dugu», eta baita «sasiakaziak Bidasoa behera eskualdean duen eragina», azaldu zuen Mujikak. «Oso ikerketa gutxi daude eragin horren inguruan», gehitu zuen Laskurainek.

Landare mota hau «aloktonoa da, autoktonoaren antonimoa. Espezie aloktono bat bere banaketa eremu naturaletik kanpo bizi dena da». Hauen barne, «badaude batzuk ingurunean sartzen direnean bertako biodibertsitatean kalteak sor-tzen dituztenak». Hauei «espezie inbaditzaileak deitzen zaie», azaldu zuen Nerea Amaia Laskurainek. «Lan honetan ikertu behar dugun espeziea mota horretakoa izango litzateke». Sasiakaziak gure inguruan duen eragina aztertzeko, espezie autoktono batekin alderatuko dute: haritzarekin, hain zuzen ere.

Ikerketa burutzeko erabiliko den teknika dendrokronologia da. «Zien-tzia hau basoen dinamika azter-tzeko erabiltzen da, zurezko landareen eraztunak aztertuz», azaldu zuen Laskurainek. Teknika honen bidez zuhaitz batek zenbat urte dituen jakin daiteke, «baina ez bakarrik hori. Horretaz gain, hazkuntza aldaketa nola ematen den jakin dezakegu, zeintzuk hazten diren gehiago eta zeintzuk gutxiago... Horrek informazio ugari ematen digu hazkuntzan eragiten duten faktoreak aztertzeko».

Nerea Amaia Laskurainek laburbildu zuenez, «haritzaren hazkun-tza eta sasiakaziaren hazkuntza aztertuko ditugu dendrokronologiaren bidez». Maddi Mujikak erantsi zuenez, «bi espezieen arteko erlazioa ikusiko dugu ikerketaren bidez». Lana burutu ahal izateko, bi zuhaitz motak dauden partzelak bilatu behar izan dute, «baldintza zehatz batzuekin». «Ez daude asko», azaldu zuen Mujikak, baina iker-tzaileek bi eremu aurkitzea lortu dute: bat Siutz eskolatik hurbil dago eta bestea Gaintxurizketa inguruan. Hirugarren partzela bat lortu nahi dute ere baina «oraindik bueltaka gabiltza» honen bila.

Egitasmoen «maila altua»

Josune Gomezek gogoratu zuen bezala, ikerketa beka honek «adopzioz eta bihotzez bidasotarra zen Jose Antonio Loidi ospetsuarentzat omenaldi bat izan nahi du». Eta, honez gain, «hainbat esparrutan euskaraz egindako ikerketa suspertu eta bultzatu nahi da: antropologian, filologian, toponimian, literaturan, osasun publikoan, hidrologian eta botanikan».

Hiru egitasmo aurkeztu ziren aurtengo bekaren deialdira. Irabazlea adostatzea «ez da erraza izan», azaldu zuen Euskara ordezkariak, «lanen maila altuagatik». Loidi bekaren epaimahaia bost lagunez osatuta egon da: Josune Gomez; José Luis Loidi Fernández de Troconiz, Loidi familiaren izenean; José Monje, Luis de Uranzu Kultur Taldeko ordezkaria; Jorge Gimenez Bech, Euskara ordezkariak izendutako aditua, eta Iban Eguzkitza, Euskara arloko zuzendaria.

Jose Antonio Loidi beka bi urtez behin deitzen da eta eskaintzen den diru-laguntza 9.000 eurokoa da.

Más

Fotos

Vídeos