'Gira Bira' erakusketa zabaldu da Martindozenea Gaztelekuan

Garikoitz Murua eta Josune Gomez, aurkezpenean. / F. DE LA HERA
Garikoitz Murua eta Josune Gomez, aurkezpenean. / F. DE LA HERA

Olaia Martinezen lanak ikusgai egongo dira Gabonak amaitu arte eta artistak tailer ireki bat eskainiko du datorren asteazkenean, hilak 13

J. OCHOTECO IRUN.

Gazteartean Expo programaren urteko azken erakusketa atzo zabaldu zen Martindozenea Gaztelekuan. Olaia Martinez donostiarra da oraingo protagonista, 'Gira Bira' izeneko erakusketarekin. Artista gazte honen lanak ikusgai egongo dira urtarrilaren 6a arte.

Josune Gomez Gazteria arloko ordezkariak gogorarazi zuenez, Gazteartean Expo ekimenaren helburu nagusia «artistek eta gazteek proiektu parte-hartzaileak gara-tzeko aukera izatea da». Gainera, Martindozenea Gaztelekuaren erabilera «sormenerako plataforma bezela» indartzen du. «Gazteria arloko guztiak oso pozik gaude jaso-tzen ari gauden erantzunarekin. Gaur egun, irundar gazteek aukera gehiago eta erakargarriagoak dituzte eskuragai», azpimarratu zuen Josune Gomezek erakusketaren aurkezpenean.

Artista liburua

Bertan izan zen ere Garikoitz Murua, Gazteartean Expo programaren koordinatzailea. Erakusketa bakoitzarekin egiten den bezala, oraingoan ere artistak topaketa bat burutuko du Gaztelekuan: Olaia Martinezek tailer ireki bat eskainiko du datorren asteazkenean, abenduak 13. Bertan, «artista liburua zer den azalduko du modu dibertigarri eta originalean», esan zuen Garikoitz Muruak. «Tailerrean monotipia landuko da, aztarna uzten duten materialen bitartez eta gu geuk landutako irudiekin. Artista liburura hurbiltzeko aukera izango da, eta akordeoi formatua duen liburu batean gure monotipiak estanpatuko dira. Are gehiago, esperimentazio eta jolasaren bitartez monotipiak eskaintzen dizkigun baliabideak aztertuko dira», erantsi zuen koordinatzaileak. Edonork parte hartu dezake tailer honetan. Informazio gehiagorako, interesatuak Gaztelekura hurbildu daitezke, asteartetik larunbatera 17:00etatik 21:00etara.

Ordutegi horretan ikusi daiteke ere Olaia Martinezen erakusketa: artistak 26 urte ditu eta txikitatik izan du gustuko marraztea. Arte Ederretako ikasketak burutu zituen Salamanca eta La Lagunako unibertsitate publikoetan. «Gehien landu dudan materia arte grafikoa izan da: zehazki, grabatua, xilografia, serigrafia eta litografia», azaltzen du Olaia Martinezek.

Azkenaldian, arte grafikoaz gain artista liburuarekin ere dabil esperimentatzen: «oso lan polita iruditzen zait», nahiz eta «luzea eta delikatua izan ere».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos