Bozeramaileen batzordeak Euskararen alde lan egiteko konpromisoa berretsi du

Aho batez onartu zen Euskararen Nazioarteko Egunari buruzko adierazpen instituzionala

M.A.I. IRUN.

Irungo Udaleko bozeramaile-batzordeak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat bihar ospatuko den Euskararen Nazioartego Eguna jardunaldiaren esparruan. Udaletxeko balkoian kartel bat jarriko da bihar, 'Eman hegoak euskarari' lelopean.

«Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai», azpimarratzen du adierazpenak. «Ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa eta elkarlana, auzolana».

«Une aproposa da administrazioek eta herri ekimenak auzolanean bide berriak zabaldu, eta gehiengo soziala euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eramateko», adierazten du onartutako testuak. «Une aproposa da euskararen lurralde eta eremu guztietako herri aginteen arteko lankidetza ere berrikuntzaren bidetik sendotzeko. Ideien konfrontazioari uko egin gabe, irtenbideak adostuz, bakoitzaren eginkizun eta erantzukizunekiko errespetuz, elkarrenganako leialtasunez, eta denok norabide berean bultzatuz».

«Bakarka ezinezkoa da», azpimarratzen du adierazpenak. Auzolanean, berriz, «guztiz ilusionagarria. Auzolana da bide bakarra. Hizkuntza ohituren aldaketa kolektiboa izanen da ala ez da izanen. Euskararen Eguneko gure konpromisoa, datozen 365 egunotan izan dadin lan egitea. Auzolanean lankide zintzo, Euskara auzolana baita», amaitzen du testuak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos