Diario Vasco

Euskaraz gozatzeko prest

Harrera. Aurtengo partaideak ostiralean eman zioten hasiera kurtsoari.
Harrera. Aurtengo partaideak ostiralean eman zioten hasiera kurtsoari. / ARGAZKIAK FERNANDO DE LA HERA
  • Mintzalaguna eta Elkarrizketariak ekimenen edizio berriak ostiralean zabaldu ziren Mondragon Unibertsitatean

Euskaraz gozatzea da helburu nagusia; bai hizkuntzaz, eta baita bere inguruan sortzen den giroaz ere. Mintzalaguna eta Elkarrizketariak programak martxan jarri ziren ostiralean, Mondragon Unibertsitatean.

Josune Gomezek, euskara ordezkariak, Joxemi Aramburuk, Udal Euskaltegiko zuzendariak, eta Arantxa de la Cavak, idazkari akademikoak, harrera egin zieten aurtengo partaideei. Hamazazpi elkarrizketari, zazpi mintzalagun eta berrogeita zazpi mintzakide inskribatu dira edizio honetan. Askok ostiralean hurbildu ziren Mondragon Unibertsitatera elkar ezagutzeko. Bertan ere Oreka elkarteko kideak izan ziren: Elkarrizketariak programako dinamizatzaileak izango dira aurten eta «oso pozik gaude zuek laguntzeaz», adierazi zieten.

Elkarrizketariak euskarazko oinarrizko maila duten ikasleak dira. Ekimen hau duela gutxi sortu zen; aurtengoa bigarren edizioa da. Programaren barne burutuko dituzten saioak, astero bi aldiz, «dinamikoak eta praktikoak izango dira, eta oso dibertigarriak». Taldeak osatzeko, joku bat egin zuten ostiralean dinamizatzaileekin.

Lagun talde bat bezala

Mintzalaguna programa, beste aldetik, euskarazko maila altuagoa duten ikasleei zuzenduta dago. Ekimenaren bidez, hizkuntza praktikatzeko aukera ematen zaie giro informal batean. Partaideek taldeak sortzen dituzte eta astean behin bilduko dira kafe bat hartzeko, mendira joateko, aktibitate kulturalak burutzeko... Lagun talde baten moduan, partaideek aukeratzen dute zer egingo duten zita bakoitzean.

Maite eta Sara, beste urteetan parte hartu ondoren aurten ere apuntatu direnak, azaltzen zutenez, «kafetegi batera joaten gara, adibidez, eta bertan solasean egoten gara». Bi emakume hauek beraien euskarazko irakasleak animatutak hasi ziren Mintzalaguna programan parte har-tzen. Ekimen honi esker, hizkun-tza ikasten ari direnek Euskaltegitik kanpo praktikatzeko aukera dute, giro natural batean, eta horrek asko laguntzen die euskara naturaltasunez erabiltzeko gai izaten.

Programa honetan bi motako partaideak daude: mintzalagunak euskararen erabileran trebeak dira, eta mintzakideei laguntzen diete hizkuntza guztiz menperatzen, taldea dinamizatzen. Talde bakoitzean mintzalagun bat dago, eta Joxemi Aramburuk hauen lana goraipatu nahi izan zuen, «borondatezko lana da. Bere denbora ematen dute euskararen alde eta mintzakideak lagun-tzeko. Benetan eskertzekoa da», azpimarratu zuen Euskaltegiko zuzendariak.

Arantxa de la Cavak aipatu zuenez, aurtengo mintzakide eta min-tzalagun gehienak beste edizioetan «parte hartu duzute. Baina etorri berriak zaretenentzat, jakin ezazue hau mintza egitea dela, mintza da helburu bakarra, ondo egotea eta gozatzea». Udal Euskaltegiko idazkari akademikoak gogoratu zuenez, «hau ez da klasea, eta mintzatzaileak ez dizkizuete zuzenketak edo horrelakoak egingo; zuekin hitz egingo dute. Kotxe praktikak beharrezkoak diren bezala, mintza egitea ere beharrezkoa da ere» euskara menperatzeko. Bi aholku eman zizkien partaideei: «gozatu, batez ere, eta asko ikasi».

Eta ostiraleko lehenengo saio horretan hasi ziren euskaraz gozatzen: mintzakide eta mintzalagunak taldeak osatu zituzten «elkar ezagu-tzeko», nahiz eta askok ezagunak ziren jada «eta lan hori aurreratuta dago». Bakoitzaren zaletasunetaz hitz egin zuten partaideek, burutuko dituzten planak adosteko eta baita ze egunetan eta non bilduko diren.

Oraindik parte hartu daiteke

Nahiz eta kurtsoa dagoeneko hasi, Mintzalaguna edo Elkarrizketariak programetan parte hartu nahi dutenek oraindik izena eman dezakete eta dagoeneko osatutako talde batekin elkartu. Ekimenei buruz informazio gehiago lortzeko, Irungo Udal Euskaltegiarekin kontaktatu behar da, 943.50.52.73 telefono zenbakira deituz.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate