«Hondarribiko historia eta ondarea hurbiltzeko sortu dugu tresna hau»

Lore Erriondo eta Txomin Sagarzazu 'Ezagutu Hondarribia' unitatearen aurkezpenean Arma Plazan./
Lore Erriondo eta Txomin Sagarzazu 'Ezagutu Hondarribia' unitatearen aurkezpenean Arma Plazan.

Materiala modu erakargarrian prestatu da eskolan, kalean eta etxeetan lantzeko 'Ezagutu Hondarribia' Lehen Hezkuntzako ikasle guztiei zuzenduta dago

EDU PRIETOHONDARRIBIA.

Lehen Hezkun-tzako ikasle hondarribitarrei zuzenduta dagoen unitate didaktikoa, 'Ezagutu Hondarribia', 2018an erabiltzen hasiko da baina bere aurkezpena duela bi aste burutu zen Txomin Sagarzazu alkatea eta Lore Erriondo proiektuaren zuzendariarekin.

Sagarzazuk unitate berriarekin zeukan ilusioa adierazi zuen agerraldian. «Arma Plaza Fundazioa, Udala, denon artean egiten dugu eta hau horren erakusgarri nabarmen bat da. Lorek proposamen hau ekarri zion Arma Plazari eta ez zuen lan haundiegirik egin izan behar gu konbentzitzeko».

Unitate didaktikoaren ezaugarri nabarmenenak Erriondok aipatu zituen baina alkateak unitatearen sorreraren inguruan izandako lehen hausnarketak gogoratu zituen. «Arma Plazak egiten dituen ekintzen hartzaileak perfil batean sartu daitezke eta ikusten genuen ondarearen lanketan hainbat perfiletara iristen saiatu behar ginela». Sagarzazuk, «hartzaileak gure neska mutilak -kanpotik etor daitezkeenak barne-, euskaraz idatzi eta irakurri dezaketenentzat dela proiektua», gehitu zuen.

Nahiz eta Lore Erriondo egitasmoaren arima izan, ez da pertsona bakarreko lana izan. Neska mutilekin egunero ikastetxeetan lanean aritzen direnekin kontatu da Hondarribiko historia eta ondarea hurbiltzeko tresna hau sortzeko. Arantxa Urbe, Eñaut Aiartzaguena, Gabri Alonso, Honorio Lanchas eta Oihana Lekuonaren partaidetza nabarmendu zuen Erriondok. Hitz hunkigarriak ere izan zituen Enrike Lekuonarentzat. «Bihotzez gogoratu nahi dut ontzigintzarekin lotutako lanak berarekin batera egin genituelako».

Unitate didaktikoa ikastetxeetan zabalduko da dohainik eta Loreren hitzetan, «zikintzeko, zimurtzeko eta leku batetik bestera ibiltzeko egiña dago». Arma Plazako eta Udaletxeko webgunean egongo da nahi duenak deskargatu dezan.

Hurbilekoaren gabezia

Lore Erriondoren lehenengo hitzak proiektuaren xedearekin zerikusia izan zuten. «Gure gizartean gero eta gehiago daukagu kanpokoaren berri eta hurbilekoaren gabezia izaten dugu. Gainera, eskolari dagozkionak eta ez dagozkionak eskatzen dizkiogu. Gure hurbileko kulturaren elementuen trasmisioa modu naturalean belaunaldi batetik bestera egiten zen baina gaur egun hori ez dago ziurtatuta. Hutsune bat sortu daiteke pertsonaren hazkuntza prozesuan eta sustrairik gabe hazi egiten dena errazago erori daiteke».

Hor kokatzen da hain zuzen 'Ezagutu Hondarribia'. Arma Plazak funtzio hori bete nahi du eskolarekin elkarlanean eta osagarri bezala. 6-12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, Lehen Hezkuntza osora. Haiei egokituta dago materiala modu erakargarri eta baliagarrian. «Jolasaren bitartez eta atsegiña den jardueraren bitartez bere erroak sakontzen lagunduko du. Ezagutzen ez dena ezin da maitatu eta horrela norberaren herria ezagutzen eta maitatzen irakasten dugu».

Paperean egin da erabiltzeko tresna bat izatea nahi dutelako sortzaileek, eskolan eta kalean lantzeko. Bisitak egiten dituztenerako oharretarako koadernoa izatea eta etxeetan ere sartzeko sortu da.

Kaletarra, portuarra...

Teknologiak ez dira baztertu hogeita zortzi orrialdeko unitate didaktiko hau sortzeko. Vidicode bat dakar bideo eta artikuluetara gidatzen duena. «Askoz ere gehiago dago sartzeko baina irakasle eta ikastetxe guztiak ez dira berdinak eta malgutasuna eskaini nahi dugu. Irakaslearen esku utzi nahi dugu material gehiago, hark ikusi dezan nola osatu edo zein eduki azpimarratu», adierazi zuen Erriondok. Unitate bakoitzak bere irakasle gida liburua izango du non jarduera, estekak, bibliografia eta ariketa gehiago aurkitu daitezke.

Bidelagunen kontzeptua txertatu da liburuan. Horretarako Hondarribiko Izugarria konparsaren irudiak berreskuratu dira: Martxela balea, Kaletarra, Portuarra eta Baserritarra erraldoiak unitateetan zehar agertzen joango dira. Hiru urtetik behin azterketa egingo da unitatean moldaketaren bat egin behar den edo erabilgarritasuna aztertzeko, hausnarketa egiteko eta hobekuntzak sartzeko behar izanez gero.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos