Euskal liburu eta disko azoka martxan dago Arrantzale auzoan

Karmelo Goikoetxea, Txomin Sagarzazu alkatea, Jesus Mari Mujika eta Asier Muniategi, atzo liburutegian./
Karmelo Goikoetxea, Txomin Sagarzazu alkatea, Jesus Mari Mujika eta Asier Muniategi, atzo liburutegian.

Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak antolatuta, Udalaren laguntzarekin, igandera arte zabalik egongo daErein argitaletxeak Hondarribia Saria jaso zuen 40. urteurrenarengatik

EDU PRIETO HONDARRIBIA.

Euskal liburu eta disko azoka jadanik martxan dago Arrantzale Auzoan igandera arte. 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara zabalik egongo da azoka egunero eta erosketa guztiak %10eko deskontuarekin egingo dira. Aukera handia eskainiko da euskal literaratura eta diskogintzan. Besteak beste, Fermin Etxegoien, Bernando Atxaga, Aingeru Epaltza, Juan Luis Landa edo Fito Rodriguez, autoreen artean, edo Ken Zazpi, Benito Lertxundi edo Ruber Ordorika diskei dagokienez.

Aurtengo Euskal liburu eta disko azoka atzo aurkeztu zen Zuloaga Etxea udal liburutegi berrituan. Bertan, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea, Karmelo Goikoetxea Euskara teknikaria, Asier Muniategi, euskal liburu eta disko azoken ordezkaria eta Jesus Mari Mujika, Erein argitaletxeko presidentea egon ziren.

Sagarzazuk urte guztian zehar liburuaren inguruan lan egiten duten pertsonentzat hitz batzuk izan zituen lehenik. «Urteroko helburu berberak ditugu liburu eta disko azokarekin baina kontuan hartuz urtean zehar liburuarekin erlazioa daukaten pertsona guztiak. Besteak beste, liburu dendak. Nahiz eta herrian asko ez izan, haietaz gogoratu nahi dut urte osoan egunero eskain-tza hori egiten dutelako. Irakurleak, idazleak, argitaletxeak, dendak, zirkuitu guztia beharrezkoa dugu».

Antzeko ildotik mintzatu zen Asier Muniategi, euskal liburu eta disko azoken ordezkaria. «Azken finean gizarte irakurle bat nahi dugu, zaletasuna zabaldu eta horretarako liburutegiak ezin bestekoak dira. Azoka gauza puntual bat da baina liburu dendak eta gure industria hor daudela ohartarazteko balio du».

Muniategik Durangoko azokan egon diren berritasunak Hondarribian aurkitu daitezkela nabarmendu zuen. Jon Arretxeren 'Uzta gorria' nobela beltza aipatu zuen, besteak beste, azokan daudenen artean eta jendea bueltatxoa ematera eta ahal den neurrian erostera animatu nahi izan zuen. «Ezin duenak maileguan har dezala liburutegian. Liburua gure laguna izan behar da gure bizitzan, aisialdian. Gizarte irakurle bat lortzen badugu, gizarte hobeago bat izango dugulakoan nago», azpimarratu zuen Muniategik.

Ereinentzat saria

Erein argitaletxearentzat hitz ba-tzuk ere izan zituen Asier Muniategik. «Eskertu nahi dugu bere lana, liburuengatik egiten duten apostua literaturan edo irakaskuntzan, arlo guztietan. Komikia oraindik modan ez zegoenean Ipurbeltzen alde egin zuten adibidez».

Jesus Mari Mujika, Ereineko presidenteak, Hondarribia Saria -erreginaren baluartearen esku-erakutsia- jaso zuen atzoko aurkezpenean argitaletxearen 40. urteurrena dela eta.

Mujikak eskerrak eman zizkion «Hondarribiko Udalari Erein sortu genuenen, bertan lan egiten dutenen, eta kontseiluko guztien izenean. Orain dela berrogei urte pasatxo sortu genuen Erein bi gauza argi genituelako: alde batetik Euskal Herririk ez zela izango euskara galtzen balin bazen, eta bestetik, libururik gabe euskarak ez zeukala etorkizunik».

Ereineko presidenteak liburuen inguruan bere hausnarkera partekatu zuen. «Gaur egun paper idatzian dagoena ez da kulturarako bide bakarra baina literaturari eutsi egin behar zaio, maitatzen ikasi eta jendeari zabaltzen ahal den neurrian».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos