Datorren lau urtetarako Euskararen Plan Estrategikoa martxan dago

Arantxa Berrotaran eta Txomin Sagarzazu Euskararen Plan Estrategikoaren aurkezpenean. /  F. DE LA HERA
Arantxa Berrotaran eta Txomin Sagarzazu Euskararen Plan Estrategikoaren aurkezpenean. / F. DE LA HERA

Euskara Aholku Batzordeari garrantzia handia emango dio proiektuak | «Euskararen erabileran indarra jarri behar dugula argi daukagu», adierazi zuen Txomin Sagarzazuk

EDU PRIETO HONDARRIBIA.

Apirilaren 27ko udalbatzaren saioan zinegotzi guztiek onartu zuten Euskararen Plan Estrategikoaren berri eman zuen atzo Hondarribiko Udalak. 2018tik 2022ra gauzatuko den egitasmoak euskararen erabileran indarra jarriko du. Inkestek, euskararen ezagutza hondarribitarren artean ehuneko hirurogeitamarrean kokatzen dute eta bere erabilera ehuneko hogeitabostean gutxi gorabehera. Planak izango duen berrikuntzarik nagusiena Euskara Aholku Batzordea izango da, eragileen aldetik ideia berri eta ikuspegi gehiagorekin aurrera pausua lortzeko.

Udaletxeko areto nagusian egindako prentsaurrekoan, Txomin Sagarzazu alkateak planak dituen oinarrizko ideien artean, «kezka nagusia gure herrian euskararen erabilera dela», aipatu zuen. «Ezagu-tza datuak nabarmenak dira, badago euskaraz aritzen edo aritu daitekeen hondarribitarrik. Ardura nagusia erakunde eta herritarrek egiten dugun erabileran dago, denok urria dela onartzen dugula uste dut».

Arazo horren aurrean, Udalak, administrazioak eta zenbait eragilek proposamenak egin dituzte eta horiek Euskararen Plan Estrategikoan laburbilduta daude. Proiektuak «herritarrek maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean euskaraz bizi ahal izateko, hizkuntza politika neurriak erabaki eta bultzatzea bilatzen duela», adierazi zuen Sagarzazuk. «Tresna bat da, proiektu eta jardueren bilduma nagusi bat euskararen erabilera hobetzeko. Denon lankidetzatik, herritarren nahia eta borondatetik abiatuta, Hondarribia euskaldunago bat izatea lortzeko».

Hamalau esparru izango dira guztira plan estrategikoan eta bakoi-tzean proiektu zehatzak kokatuta daude. Euskararen erabilera areagotzeko asmoz, familia bidezko transmisioa, irakaskuntza, euskalduntze eta alfabetatzea, administrazioa, arlo sozioekonomikoa, aisialdia eta kirola, liburugintza, kulturgintza, publizitatea, euskararen kalitatea, hedabideak, informazioaren eta komunikazioaren teknologikoak, eta sentsibilizazioa eta motibazioa lan lerroetan antolatu da proiektua.

Plan estrategikoak zinegotzi guztien oniritzia jaso du eta urtez urte garatuko da. Ondorioz, 2018koa abian dago urteko aurrekontuetan onartutakoarekin. Martxan dauden ekimenen artean, 'Euskararen kriseiluaren' programa, guraso-laguna proiektuaren jarraipena, gaztedromoa edo aurten Hondarribian ospatuko den Euskal Herriko mintza eguna Blaganekin batera.

Hiru kezka nagusi

Alkateak, bereziki, «Euskaraldia proiektuari bultzada berezia eman nahi diogula», azpimarratu zuen. «Helburu nagusia euskararen erabilera areagotzea da, baina gehien bat kizkuntza ohituretan eragitea bilatzen da. Ez du Udalak bakarrik egingo, Blagan elkartearekin batera eta beste hainbat herritarren laguntzarekin baizik. Haiei irekita dagoen proiektua da».

Arantxa Berrotaran, Euskara zinegotziak, Euskara Aholku Batzordea osatuta eta martxan dagoela aipatu zuen. «Apirilaren 10ean deitu zen eta bertan eragile ezberdinak parte hartu zuten beraien kezkak, iritziak, proposamenak eta egunerokotasunean dituzten arazoak partekatzeko. Hemendik aurrera, urtez urte jorratuko da kudeaketa plana, beraiekin adostuko ditugu proiektuak, eta hori izango da aurrekontuetan txertatuko dena».

Euskara Aholku Batzordea, Blagan Euskara Elkarteak eta Udaleko ordezkariek osatzen dute eta hiru azpibatzorde aurreikusten ditu. Merkataritza eta ostalaritza lehena, bigarrena hezkuntza eta kultura, eta hirugarrena kirola eta aisialdia. Gauzatu diren mahai-inguruetan «hiru gai agertu direla kezka moduan», esan zuen Berrotaranek. «Aisialdia, kiroldegia eta merkataritza, eta ostalaritza abiapuntu eta lehenik eragin beharreko esparru bezala ikusten ditugu».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos