Bordari eta Satarka literatur lehiaketan parte hartzeko epea urriak 31 arte

I.A. HONDARRIBIA.

Martxan da Bordari eta Satarka literatur lehiaketaren hogeita hamalaugarren saioa eta parte hartu nahi dutenek urriaren 31 arte izango dute beraien lanak aurkezteko epea.

Lanek euskaraz idatziak egon beharko dute, eta sari-atal bakoi-tzak bi maila edukiko ditu: A maila 18 urtez gorakoentzat eta B maila 18 urtez beherakoentzat. Gaia librea izango da eta lanek, argitaratu gabeak eta beste inon saritu gabeak izan beharko dute. Lanak orriaren alde batean bakarrik idatziko dira, makinaz edo ordenagailuz, eta tarte bikoitza utzita. Lan bakoitzeko lau kopia aurkeztuko dira.

Lan bakoitzaren lehen orrialdean ondorengo datuak adierazi beharko ditu egileak: Zein sari-ataletan aurkezten duen lana (Bordari edo Satarka), zein mailatan (A edo B), lanaren titulua, egilearen izenordea, Hondarribian jaioa edota bertako biztanlea den.

Gutunazal itxi baten gainean lanaren titulua eta egilearen izenordea idatziko dira, eta barruan egilearen izen-deiturak, helbidea, eta nortasun agiriaren kopia. Lanak BAZen utzi edo posta-kutxan sartu beharko dira, urriak 31 baino lehen.

Bordari zein Satarka lehiaketetan, A mailan 800 eta 400 euroko sariak izango dira bi lanik hoberenentzat eta 400 eurokoa Hondarribiko onenentzat. B mailan aldiz, lehen bi sariak 400 eta 250 eurokoak izango dira. 250 euro jasoko dituzte ere Hondarribiko onenek. 300 eurotik gorako sariei, %21a kenduko zaie P.F.E.Z.rako.

Fotos

Vídeos