Bordari eta Satarka lehiaketara lanak aurkezteko epea asteartean itxiko da

Txiste grafikoen lehiaketan parte hartu nahi dutenek egun berdina hartu behar dute kontuan

I.A. HONDARRIBIA.

Euskara departamenduak antolatzen duen Bordari eta Satarka literatur lehiaketan parte hartzeko epea asteartean itxiko dela gogorarazi dute antolatzaileek.

Aurtengoan hogeita hamalaugarren saioa jarri dute martxan eta parte hartu nahi dutenek beraien lanak BAZen utzi edo posta-kutxan sartu beharko dituzte.

Lan bakoitzaren lehen orrialdean ondorengo datuak adierazi beharko dituzte egileek: Zein sari-ataletan aurkezten duen lana (Bordari edo Satarka), zein mailatan (A edo B), lanaren titulua, egilearen izenordea, Hondarribian jaioa edota bertako biztanlea den. Gutunazal itxi baten gainean lanaren titulua eta egilearen izenordea idatziko dira, eta barruan egilearen izen-deiturak, helbidea, eta nortasun agiriaren kopia.

Lanek euskaraz idatziak egon beharko dute, eta sari-atal bakoi-tzak bi maila edukiko ditu: A maila 18 urtez gorakoentzat eta B maila 18 urtez beherakoentzat. Gaia librea izango da eta lanek, argitaratu gabeak eta beste inon saritu gabeak izan beharko dute. Lanak orriaren alde batean bakarrik idatziko dira, makinaz edo ordenagailuz, eta tarte bikoitza utzita. Lan bakoitzeko lau kopia aurkeztuko dira.

Bordari zein Satarka lehiaketetan, A mailan 800 eta 400 euroko sariak izango dira bi lanik hoberenentzat eta 400 eurokoa Hondarribiko onenentzat. B mailan aldiz, lehen bi sariak 400 eta 250 eurokoak izango dira. 250 euro jasoko dituzte ere Hondarribiko onenek. 300 eurotik gorako sariei, %21a kenduko zaie P.F.E.Z.rako.

Txiste grafikoen lehiaketa

Bestalde, 'XXVI. euskal txiste grafikoen lehiaketa'ren epea ere asteartean itxiko da. Kasu hontan ere lanak BAZen entregatu beharko dira. Gaia eta teknika libreak dira. Lan guztiek bineta bakarra izan beharko dute eta testua derrigorrezkoa da.

Fotos

Vídeos