'Artxipielagoa' ikuskizuna bihar Hiruztan

Esparru ezberdinetako hainbat artistak osatu dute 'Artxipielagoa' ikuskizuna.
Esparru ezberdinetako hainbat artistak osatu dute 'Artxipielagoa' ikuskizuna.

Kantu klasiko zein berriagoak entzun ahal izango dira

I.A. HONDARRIBIA.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren hirugarren eta azken eskaintza izango da bihar Hondarribian, arratsaldeko zortzietatik aurrera Hiruzta txakoli upategian. 'Artxipielagoa' ikuskizunerako sarrerek hamabi euro balio dute (www.quincenamusical.eus) eta afaltzera gelditu nahi duenak 52 euro ordaindu beharko ditu kon-tzertua eta afariaren truke. Bigarren kasuan, 943104060 telefonora deituta edota info@hiruzta.com helbide elektronikora idatzita erreserbatu behar da.

Ainhoa Garmendia (sopranoa), Andoni Egaña (bertsolaria), Pello Ramírez (biolontxeloa eta akordeoia), Garikoitz Mendizabal (txistua), Germán Ormazabal (pianoa) eta Belén Ibarrola (irudiak eta bideoa) dira 'Artxipielagoa' ikuskizunari foma ematen dioten artistak.

Narrazio, abesti, bertsolaritza, musika eta bideo-proiekzio uztarketa da 'Artxipielagoa'. Uhartez uharte osatutako emanaldia. Andoni Egañaren irlei eta kulturari buruzko gogoetek gidatuko dute saioa eta beste kideek musika jarriko dute. Gainera, Belen Ibarrolaren irudiek osatuko dute saioa.

Maiz ibili dira elkarren inguruan sortzaile hauek guztiak, baina orain elkartu egin dira, bakoitza beretik eta halere batera. Uharte eta, aldi berean, artxipielago.

Atzoko eta gaurko euskal abesti klasiko eta modernoak uztartuko dituzte saioan, eta publikoaren parte hartzearekin batera, aretoa herri-abesbatza moduko bat bilakatzea da helburua.

Ukitu klasikoa izango du egitarauaren lehen atalak, José María Iparragirre, Gabriel de Olaizola, Jesús Guridi eta beste hainbat euskal klasikoren musikarekin. Bigarren atalean, berriz, abesti berriagoak joko dituzte: Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Ken Zazpi, Itoiz... Izan ere, euskal kantutegia zabaltzen laguntzea eta abesteko zaletasuna sustatzea da emanaldiaren asmoa.

Kantuen zerrenda

Biharko kantuen zerrenda honakoa da: 'Itsasoaren emazteak' (Pello Ramírez), 'Ara nun diran' (José María Iparragirre, armonizazioa: Javier Belloportu), 'Adio Euscal-Erriari' (José María Iparraguirre), 'Irun damacho' (herrikoia), 'Idiarena' (Eduardo Gorosarri, armonizazioa: Ramón Lazkano), 'Nun zeran' (F. Cotarelo), 'Loa loa' (F. Tellería), 'Oñazez' (herrikoia, armonizazioa: Aita Donostia), 'Ala baita' (Jesús Guridi), 'Aldapeko' (herrikoia, armonizazioa: Aita Donostia), 'Aurtxoa seaskan' (Gabriel de Olaizola), 'Ume eder bat' (Tomás Garbizu), 'Adiorik ez' (Pello Ramírez), 'Dantza nazazu' (Pello Ramírez), 'Nere herriko neskatxa maite' (Benito Lertxundi), 'Lau teilatu' (Itoiz), 'Ilargia' (Ken zazpi), 'Txoria txori' (Mikel Laboa); azken lauen moldaketa: Xabier Otaolea; eta 'Xalbadorren heriotzean' (Xabier Lete, musika: Karlos Giménez).

Fotos

Vídeos