Diario Vasco

Soroiz, Agirre eta Uranga 'Heroiak' izango dira gaur auditorioan

Ramon Agirre, Jose Ramon Soroiz eta Kandido Uranga dira antzerkiko protagonistak.
Ramon Agirre, Jose Ramon Soroiz eta Kandido Uranga dira antzerkiko protagonistak.
  • Gérald Sybleyras frantziar dramaturgoaren ideiaren itzulpena eta moldaketa egin du Txalok

  • Neguko jardunaldien ekitaldien arteko nabarienetakoa da (20.00)

Udal Euskara Zerbitzuak antolatzen dituen Neguko Jardunaldien barruan eta haren ekitaldi sortako aipagarrienetakoa bezala, 'Heroiak' antzezlana ikus ahal izango da gaur Itsas Etxean. Hitzordua arratsaldeko zortzietan da, sarrerek sei euro balio dute eta auditorioko lehiatila seietan zabalduko dute.

'Heroiak' Gérald Sybleyras dramaturgo frantsesaren 'Le vent des peupliers' lanaren euskarazko bertsioa da, Ramon Agirrek egindakoa. Frantzian obra hau Molière an-tzerki sarietara nominatua egon da eta ingeles bertsioak ere Laurence Olivier saria jaso zuen.

Txalo Produkzioaken eskutik, 'Heroiak' Euskal Herriko hainbat lekutan eskaini dute dagoeneko eta gaur Hondarribiaren txanda izango da. Auditorioko oholtzara Jose Ramon Soroiz, Ramon Agirre eta Kandido Uranga aktore ezagunak igoko dira, Begoña Bilbaok zuzenduta.

Hiruak ere gerran aritutako soldaduentzako zahar-egoitza batean daude, bizitzaren joanari begira. Bat errena dago, besteak agorafobia du eta hirugarrenak zorabioak izaten ditu sarri, buruan duen metraila pusketaren erruz... Gure hiru heroiek zahar-egoitzatik ihes egitea erabaki dute. Nora ordea?

Kandido Urangak dioenez, «hiru protagonistak, militar erretiratuak, azken urteak ematen ari dira baina ezinean dabiltza hirurak. Nola egin aurre egoitza batean gelditzen zaizkizun egunei edo bizitzako apurrari? Metafora bat da. Zahartzaroan nola bat gizartetik kanpo geratzen den, ilusiorik gabe».

Hurrengo ekitaldiak

Neguko Jardunaldiak hemendik aurrera hainbat ekitaldi izango dituzte. Azaroaren 15etik 27ra Arma Plazako eraikinaren goiko solairuan euskal txiste grafikoen lehiaketako erakusketa izango.

Hurrengo ostiralean 'Kondaira baten truke' haurrentzako antzerkia ikusi ahal izango da Amuteko auzo elkartearen egoitzan.

Bestalde, igandea 27an, Damarrin Kalean Kantuz ospatuko da eta ondoren bazkaria egingo dute Klink elkartean. Sarrerek hogei euro balio dute eta Kai-Alden, Alzaga Urdaiazpiko dendan, Batzokian eta Klinken salduko dira.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate