Diario Vasco

Bordari eta Satarka lehiaketan parte hartzeko epea irekita dago

Iazko Bordari eta Satarka literatur lehiaketetako sari banaketa, kultur etxean.
Iazko Bordari eta Satarka literatur lehiaketetako sari banaketa, kultur etxean. / F. PORTU
  • Urriaren 28ra arte zabalik izango da ipuinak eta olerkiak aurkezteko epea

  • Euskal txiste grafikoen lehiaketa ere martxan jarri du Euskara Zerbitzuak

Udazkenarekin batera etorri ohi da eta aurten ere hemen dugu, hogeitamahirugarren urtez, Bordari eta Satarka literatur lehiaketa. Bertan parte hartzeko epea urriaren 28ra arte zabalik izango du Udaleko Euskara Zerbitzuak.

Idazle berriak sortzeko helburuarekin mantentzen da lehiaketa bikoitz hau, Bordari ipuin saria eta Satarka olerki saria. Bietan ere lanek euskaraz idatziak izan beharko dute, eta sari-atal bakoitzak bi maila edukiko ditu: A maila 18 urtez gorakoentzat eta B maila 18 urtez beherakoentzat.

Gaia librea izango da eta lanak, argitaratu gabeak eta beste inon saritu gabeak izan beharko dira. Lanak orriaren alde batean bakarrik idatziko dira, makinaz edo ordenagailuz, eta tarte bikoitza utzita. Lan bakoitzeko lau kopia aurkeztuko dira.

Lan bakoitzaren lehen orrialdean ondorengo datuak adierazi beharko ditu egileak: zein sari-ataletan aurkezten duen lana (Bordari edo Satarka), zein mailatan (A edo B), lanaren titulua, egilearen izenordea eta egilea Hondarribian jaioa edota bertako biztanlea den. Gutunazal itxi baten gainean lanaren titulua eta egilearen izenordea idatziko dira, eta barruan egilearen izen-deiturak, helbidea eta nortasun agiriaren kopia. Lanak BAZeko bulegoan utzi edo posta-kutxan sartu beharko dira.

Bordariko A mailan ipuin bakoi- tzak hiru folio izango ditu gutxienez eta hamar gehienez. Irabazleak 800 euro eta oroigarria jasoko ditu, 400 eta oroigarria bigarrenak eta 400 eta oroigarria Hondarribiko lanik onenak.

Bordariko B mailako lanek bi eta sei folio artekoak izan beharko dute eta kasu hontan 400 euro eta oroigarria jasoko ditu irabazleak, 250 eta oroigarria bigarrenak eta 250 eta oroigarria Hondarribiko onenak.

Satarka sariari dagokionez, A mailan olerkiek 50 lerro izan beharko dituzte gutxienez eta 150 gehienez. Olerki onenaren egileak 800 euro eta oroigarria irabaziko ditu, 400 euro eta oroigarria bigarrenak eta Hondarribiko onenak ere, 400 euro eta oroigarria.

B mailako olerkien neurria 40 eta 120 lerro arteakoa izan beharko da. Lehen sailkatuarentzat 400 euro eta oroigarria daude zain, 250 eta oroigarria bai bigarrenarentzat zein Hondarribiko onenarentzat ere.