Orain arteko Oinez Basorik handiena Lesakakoa izango da

Kalte handiak eragin zituen 2015eko abenduko suteak. Argazkia hurrengo egunetakoa da.Igantzi eta Lesaka arteko parajean egina./EFE
Kalte handiak eragin zituen 2015eko abenduko suteak. Argazkia hurrengo egunetakoa da.Igantzi eta Lesaka arteko parajean egina. / EFE

11.000 zuhaitz landatuko dira 2015eko suteak kiskalitako eremuan, eta horietako bat babes daiteke 10 euroko bono-laguntzen bidez

Nafarroa Oinezek baditu ia data, toki eta protagonista berriak: 2018, Altsasu eta Iñigo Aritza ikastola. Azkeneko ohar batekin esan du agur urriaren 15ean Lesakan, urte oso bateko lanaren ondorioz, 2017ko Nafarroa Oinez antolatu zuen Tantirumairu ikastolak. Azkena izanagatik, baina, oharra ez da despedida soila, ikastolaren handitze proiektuari eta ingurumenari bultzadatxo bat emateko modua proposatzen baitu: sortzear den Oinez Basoa babestea.

"Euskararen aldeko auzolan erraldoia izan genuen urriaren 15eko Nafarroa Oinez eguna eta horri esker posible izanen da Tantirumairuk zituen helburuak betetzen hastea. Horiek gauzatzen hasteko lehen urratsa eman zen besta egun bikain hartan, baina oraindik ere auzolanean segitu beharko du ikastolak helburu hori lortzeko", diote.

Iragan abuztuan, hain zuzen, Oinez Basoa sustatzeko akordioa sinatu zuten Lesakako Udalak, Nafarroako Ikastolen Elkartean eta Tantirumairu ikastolak. Aurretik, uztailean, 2015eko abenduan Frain inguruan suak kiskalitako herri lurreko 10 Hektareatan 11.000 zuhaitz landatzeko basoberritze-plana onartu zuen Lesakako Udalak. Horrenbestez, ‘Bikin bat in’ leloa berretsiz, bat egin dute bi proiektuek, eta Tantirumairuri laguntza ematen jarraitzeko, landatuko diren zuhaitzetako bat babes daiteke, 10 euroko bono-laguntzen bidez.

Orain arteko handiena

"11.000 zuhaitz landatzea ekarriko duen basoberritze-plan horrekin, Lesakako Udalak bere ekarpena egin nahi dio orain dela zazpi urte Nafarroa Oinezen baitan antolatutako Oinez Basoa ekimenari eta Nafarroa Oinezi. Hortaz, lesakar guztiena izanen da Oinez Basoa", nabarmendu dute..

Lesakako Udalak kudeatuko ditu Nafarroako Gobernuko Oihanberritzerako laguntzak eta kalkulatzen da 11.000 zuhaitz landatuko direla, orain arteko Oinez Basorik handiena sortuz. Honako espezie hauek landatuko dura: bertako haritza, gerezi, lizarra, astigarra, urkia, Atlas zedroa eta pinus taeda.

Sinatutako akordioaren arabera, Udalak hartuko ditu bere gain bai landaketa bai haren arrakasta ziurtatzeko mantentze-lanak, eta, Nafarroako Gobernuko deialdiko eskakizunak beteta gauzatuko ditu. Lurrak nahiz baso berriak Lesakako Udalarenak izaten jarraituko dute, baina Tantirumairu Ikastolak eta Ikastolen Elkarteak (NIE) basoa erabili ahal izango dute helburu didaktiko eta dibulgaziozkoekin, horretarako Oinez Basoaren Sarean sartuta.

Tantirumairu Ikastolak, Nafarroa Oinezen antolatzailea eta Oinez Basoaren sustatzailea den aldetik, Oinez Basoan ekarpen bat egiteko konpromisoa hartu du. Ekarpenaren izaera landaketa bukatu eta gero erabakiko da eta inguruneak eskaintzen dituen aukerak kontuan hartuta, baina, edozein kasutan, aurreikusten da aisialdirako, proiektuaren dibulgaziorako eta hezkuntza-jardueretarako espazio bat izanen dela. Edozein kasutan Ikastolak aldez aitzinetik adostuko du Udalarekin egin beharreko esku-hartzea. Oinez Basoaz oro har eta bertako proiektuaren gaineko informazioa emanen duen interpretazio-kartela sortu eta inguruan kokatzea ere ikastolari dagokio. Ikastolaren baliabideen baitan, aisialdirako jarduerak diseinatu eta burutu eta basoaren hazieraren jarraipena ere eginen du.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos