Diario Vasco

Nafarroa Oinezen aurkezpen arrakastatsua

Adin guztietako herritarrek hartu zuten parte desfilean eta bestelako agerraldietan.
Adin guztietako herritarrek hartu zuten parte desfilean eta bestelako agerraldietan. / NAFARROA
  • Lesakako Harriondoa Kultur Etxean egin zen, ehunka lagunen aitzinean

Ehunka lagun elkartu ziren atzo, azaroak 27, Lesakako Harriondoa Kultur Etxeko Txokobiko aretoan 2017ko Nafarroa Oinezen eskualde mailako aurkezpena egiteko burutu diren bi saioetan, Heldu den urteko Nafarroa Oinez Tantirumairu Ikastolak antolatuko du Lesakan. Iruñean, azaro hasieran egindako aurkezpenaren ondoren, etxean bertan aurkeztu dira Oinezen helburuak, leloa, logoa eta materiala, desfile eta guzti.

Ekitaldira bertaratu zirenen artean, Bortzirietako hainbat udal ordezkari, gizarte eragile eta kultur eragilez gain, Ikastolako gaur egungo nahiz 42 urte hauetako historiako ikasle, irakasle eta gurasoak joan ziren. Igandean 16:30ean egin da lehen ekitaldia. Ehunka begi eta belarri, hainbat ikaslek, gurasok, irakaslek eta laguntzailek prestatutakoarekin gozatzeko irrikaz.

Lehenik, Arritxu eta Iratxe Muxika, ikastolako ikasle ohiek tobera joaldia egin zuten. Hain zuzen, tobera burdinarekin jotzen den musika-tresna da eta datorren urte honetan Nafarroa Oinezen karietara antolatuko diren jardueretako anitzek, burdinak eta burdina lantzeak Lesakako historian izan duen garrantzia izanen dute ardatz. Gai horren inguruan landutako Behin batin bazen ipuina kontatu eta antzeztu zuten ondotik, eta 2017ko Nafarroa Oinezen logoa eta leloa aurkezten dituen bideoa ere erakutsi zuten. Hautatutako leloa, bikin bat in da eta ikurrak, betidanik Tantirumairu Ikastolaren atarian izan den intxaurrondoaren bi hosto irudikatzen ditu, bat egiten duten bi hosto, elkargune horren indarra eta auzolana irudikatuz. Leloa nahiz logoa gauzatzeko prozesua ikusi ahal izan da bideoan.

Ondotik, 29 urte eta gero heldu den urtean Lesakan eginen den bigarren Nafarroa Oinezen helburuak azaldu zituen Amaia Lasheras ikastolako lehendakariak, bai ekonomikoak, baita hizkuntzarekin, hezkuntzarekin eta herriarekin lotutakoak ere eta auzolanaren garrantzia azpimarratu zuen: “Auzolanean sortu zen ikastola, auzolanean finkatu, eta gaur egun ere auzolanean kudeatzen dugu gurasoen eta langileen artean. Baliabide ekonomiko gutirekin anitz egitera ailegatu gara: gutirekin anitz. Auzolana da gure oinarrietako bat eta horretan segitu nahi dugu”. Aitor Iratzoki zuzendariak, bere aldetik, orain arte Nafarroa Oinezek jaso duen erantzun ona azpimarratu du: “Gaur gero, 160 pertsona gaude hamabortz batzordetan lan egiten. Horietatik 78 gurasoak dira; 40 ikasle ohiak; 25 langile eta bazkideak eta hamazazpi bertzelakoak. 50 lagun inguruk eman dute izena urte osoan laguntzeko eta Nafarroa Oinez egunean bertan lan egiteko”. Laguntzeko prest dagoen guztiarentzat ateak zabalik daudela ere gogoratu zuen eta alde horretatik, eskerrak eman zizkien lehen urratsetan babesa eman duten babesle eta laguntzaile guztiei.

Ekitaldiaren azken zatian, pasarelan nahiz eszenatokian, ehun bat ikaslek, gurasok, amatxi-atatxik, ikasle ohik eta laguntzailek parte hartu zuten Oinezeko arropa eta osagarrien desfile koloretsuan.

Desfilea bukatzeko, bortzgarren eta seigarren mailako ikasleek, Ze arraroa, euskararik gabe Nafarroa abestiarekin koreografia dotorea osatu zuten.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate