Zabalik XXVII. marmitako txapelketan parte hartzeko epea

Marmitako lapikoen enkanteak izugarrizko ikusmira pizten du Galbaixo Txiki gunean.
Marmitako lapikoen enkanteak izugarrizko ikusmira pizten du Galbaixo Txiki gunean. / A.G.

Zozketa bidez banatuko dira postuak

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Hurrengo irailaren 15ean, Galbaixo Txiki egunean, ospatuko den marmitako lehiaketan parte hartzeko epea zabalik da dagoneko. Gaur hasi eta hurrengo ostirala bitartean eman beharko dira izenak Sabina edo Alvaro dendetan.

Baldintzak ez dira asko aldatu aurreko urtekoekin alderatu ezkero; goizeko 10:00etatik 13:00ak bitartean prestatu beharko da marmitakoa Beheko plazan, eta Musika Bandak eskainiko duen kontzertuaren ondoren burutuko da sari banaketa. Lehiaketa antolatzen duen Txoko Eder elkarteak hiru kilo hegaluze, 4,5 kilo patata, sua, olioa eta gatza jarriko ditu.

Partaideek, berriz, lapikoa, piper berdeak, piper gorria, txorizo piperra, tipula, ogia, pipermina eta tomatea jarri ahal izango dute. Horrez gain barazkiak bakarrik onartuko dira, baina inoiz ere ez aurrez prestatutako kondimenduak. Talde bakoitzak bi lagun izango ditu gehienez, eta 16 su daudenez gero, izena ematen duten guztien artean zozketa burutuko da suak okupatu ahal izateko.

Sariak berriz honakoak izango dira; lehen bikoteak, txapelak, garaikurrak eta 250 euroko saria eskuratuko du; bigarrenak, garaikurrak eta 175 euroko saria; hirugarrenak, garaikurrak eta 100 euroko saria eta laugarren, bosgarren eta seigarrenak 2 ardo boteila eta kopak.

Izena ematerakoan 6 euroko fidantza bat ordaindu beharko da, eta sari banaketaren ondoren, lapiko guztiak antolatzaileen esku geratuko dira enkante bidez emateko marmitako ezin hobea dastatu nahi dutenen artean.

Fotos

Vídeos