Xabier Basterretxeak eta Arantza Ugartek egindako lana eskertu zen kultura galan

Arte Lagunak-eko artista gehienak izan ziren saria jasotzen.  /
Arte Lagunak-eko artista gehienak izan ziren saria jasotzen.

Arte Eskolakoek «espazio gehiagoren beharra» azpimarratu zuten

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Jende asko bildu zuen joan zen ostiralean egindako Kultura Galan. Hirugarren urtez antolatu zen eta aurten Arte Eskola eta Saturrarani buruz Xabier Basterretxeak eta Arantza Ugartek egindako lana eskertu nahi izan zuen Udaleko Kultura sailak. Arte Eskola ofizialki sortu zela 30 urte bete dira aurtengo ikasturtean. Gogoan izan ziren sorreran izan ziren Bittor Arizmendi, Anizeto Uranga eta Xiri Andonegi, baina artearekiko lotura lehenagotik dator; urrutira joan gabe aurten pintura lehiaketako 37. edizioa burutu baita eta lehenago ere izaten zen halako lehiaketarik, Malen Jaien barruan ospatzen zen Arte Egunaren barruan. Gaur egun 'Arte Lagunak' elkarteak kudeatzen du eskola, 35 ikasle dituzte guztira, irakaslea Jose Inazio Treku debarra eta Jose Luis Matias presidenteak areto handiago bat eskatu zuen saria jasotzean, batik bat gazteek ere tokia izan dezaten.

Grand Hotel Balneario

Xabier Basterretxea 'Txordo' eta Arantza Ugarte izan ziren kultur eragileei zuzendutako saria eskuratu zutenak bereziki Saturrarani buruz egindako lan bildumagatik. 'Grand Hotel Establecimiento Marítimo Balneario' delakoa, 1868. urtean ireki omen zituen ateak, 84 gela zituela.

Lehen jabeak elgoibartarrak izan omen ziren; Jose Errasti Larrañaga, bide eraikuntzako kontratista, eta Jose Agustin Etxeberria Beiztegi, udaletxeko idazkaria. Lurrak Zior-tzako Abadiari erosi omen zieten. 1920. urtean Pedro de Icaza y Aguirrek erosi omen zuen hotela eta urte bat geroago Gasteizko Elizbarrutiari utzi seminaristen opor leku bezala erabiltzeko. 1938tik 1944ra, 'Prisión Central de Mujeres' izan zen, guztira 3.613 emakume izan zirelarik bertan, eta gogorrena; 61 ume eta 116 emakume hil omen ziren tarte horretan. 1944ko irailean berriro ere seminario bilakatu zen eta 1950. urtean Gasteizko Eleizbarrutia bitan banatua zegoenez gero, Donostiako Elizbarrutira eroan zituzten seminaristak Saturraran berriro ere uda garairako uzteko. 1968. urtean itxi zen azkenik seminarioa eta 1983. urteko uholdeek erabat hondatu zuten guztia; azkenik 1987. urtean Udalak, Foru Aldundiaren laguntzaz lurrak erosi eta dena desagertarazi zuelarik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos