Umeek primeran pasa zuten euren egunean

Gazte debarrek ausarki eta pozik zezenei aurre eta alde egin zieten.
Gazte debarrek ausarki eta pozik zezenei aurre eta alde egin zieten.

Gazteak izango dira gaurko protagonistak

ANDER SALEGI DEBA.

Itziarko jaiak, azken egunera heldu dira gaur, atzean geratzen dira musikaz, zezenez eta jokoz betetako egunak. Atzoko protagonistak herriko txikienak izan ziren, ekintzez betetako eguna ospatu zuten. Beraiei zuzendutako meza batek eman zion hasiera egunari. Ondoren, gazteentzako ondo pasatzeko unea iritsi zen, beraientzat prestatutako jokoekin. Zabalsoro frontoian bildu ziren taldeka, aulki jokoan, arto bilketan, zaku karreran eta sokatiran jolasteko. Frontoi kanpoko parkean ur jolasak (ur botilak ahoarekin betetzen, urez betetako globoak garraiatzen etab.) izan ziren protagonistak. Jokoak amaitu eta gero Jan da Eran txarangak kalejira batekin herriko kaleak musikaz bete zituzten.

Eguerdian, adrenalina askatzeko garaia iritsi zen entzierroarekin, ume askok parte hartu zutelarik korrika egiteko zezenen aurretik. Plazan, pare bat zezen atera zituzten Leizerrango ganadutegitik etorritakoak. Ausart gutxi egon zen bertan eta ia inor ez zen atera zezenen aurrean ibiltzera. Gero txikienak pottoken gainean ibiltzeko aukera izan zuten bazkaltzera joan aurretik. Salegin ondo bazkaldu eta gero plazan Ekain Txou (euskal dantzak, buruhandiak, aerobic, zirkua, zezenak eta pottokak) izan zen. Iluntze aldera musika izan zen protagonista. Lehendabizi kantu jira batekin tabernaz taberna, ondoren kantu afaria Zumarragako trikitixekin eta jardunaldia amaitzeko dantzaldiak egon ziren Gauargi taldearekin.

Gaurko protagonistak eta amaiera emango diotenak jaiei gazteak izango dira.

Hauen egitaraua, goiz hasiko da 10:00etatik 13:00etara bitartean puzgarriak (itsas txirrista, saltoka eta pirata) eta txotxongilo tailerrak egongo dira frontoian ume eta gainerakoentzat. 11:30ean, ohikoa denez, bizikleta karrera egingo da. Bertan parte hartu behar dutenak, Burugorri ondotik atera beharko dira Erreten pareraino, handik Kanala paretik pasa, Zabalenetik bueltan Burugorrira, eta anbulatorioko aldapan amaituko dute. Ondoren, 12:00etan koadrilen arteko jolasak egingo dira. 13:00etan zezenak egongo dira plazan eta 14:00etan hasiera emango zaio paella txapelketari. 17:30ean Jan da Eran txarangak burugorritik plazaraino kalejira bat egingo du. 18:00etan berriz, plazan koadrilen arteko jolasak, aurreskua eta zezenak ikusteko aukera egongo da. Gaueko hamabietan playback lehiaketa egongo da plazan eta honen ondoren (01:00) Huntza taldeak kontzertu bat eskainiko du herriko plazan. 02:00etan Lehian taldearekin berbena egongo da. Azkenik festak amaitzeko 07:00etan peto jaitsiera egingo da.

Fotos

Vídeos