Txalokada beroa Txomin Zabaleta apaiz berriari, ongi etorria emateko

Txomin Zabaleta.
Txomin Zabaleta. / A.Z.

AMAGOIA ZABALA MENDARO.

Igandeko meza nagusian, Txomin Zabaleta gure herriko apaiz berria izango denari ongi etorri meza egin zitzaion. Elizkizun bukaeran Txomin Zabaletak hitza hartu eta bere ongi etorrira joan ziren herritarrei hitz ederrak eskeini zizkien. Bere aitona ekarri zuen oroimenera, izan ere Mendaroko, Garagartza auzoan jaio eta bizitakoa izan zen eta nolabait bera ere mendaroarra dela ere sentitzen dela esan zuen.

Orain dela urte batzuk apaiz egin zen, baina apaiz izateari utzi egin zion eta Gurutze Gorrian eman ditu 13 urte jendeari laguntza eskeintzen, baina barneak, bueltatu behar zuela agintzen zion eta Gipuzkoako Gotzai eta Bikarioaren laguntzaz, berriro atzean utzitako bideari ekingo ziola erabaki zuen, izan ere «hezurrak sutan» sentitzen zituen eta erabaki hori hartu beharra zuela bazekien bestela lehertu egingo omen zen.

Apaltasunez, jendeari laguntzeko dagoelako ahalik eta lan onena egiten saiatuko dela agindu zuen, nahiz eta jakin askotan hanka sartuko zuela. Txomin Zabaletaren hitzak, jendearen barneraino sartu ziren eta asko izan ziren emozio sakona sentitu zutenak. Bere hitzaldiaren bukaeran herritarren txalokada beroa jaso zuen.

Hemendik aurrera, herriko Diakonoarekin batera egingo du lan eta bien artean erabaki eta bananduko dituzte zereginak, izan ere Mendaroz gain, Txominek, bai Mutrikuko eliza eta baita Altzolako eleizaren ardura hartuko ditu.

Fotos

Vídeos