Salto! Gazte Topaketak antolatu dira urriaren 20tik 22ra Orion

Gazte topaketa Orioko aterpetxean izango da. / A.Z.

AMAGOIA ZABALA MENDARO.

Udalak euskaldundu arren «udalerriak erdalduntzen» ari direla ohartu da UEMA eta Mendaro ez da salbuespen bat. Gure herrian, euskararen erabilera galtzen ari delako, Mendaroko Udala, UEMA sarearen barruan sartu zen orain urte bete gutxi gorabehera eta hainbat ekintza desberdin bultzatuko dituzte elkarlanean euskararen alde.

UEMA erakundearen helburu nagusienetariko bat, «euskararen egoeraz herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa lantzea da. Horren barruan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela bi urte, ikasleen artean hizkun-tza ekologiaren diskurtsoa zabaltzeko eta arnasguneen garran-tzia nabarmentzeko». Arnasguneak, euskara erabiltzen duten herriei esaten zaie eta Mendaro, «arnasgune» bezala harturik dago. Bide horretan, gazteei normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazi nahi die UEMAK.

Aurtengo udazkenean hezkun-tza proiektua ikasgelatik aterako dute, eta Salto! Gazte Topaketak antolatu dituzte urriaren 20tik 22ra bitartean, Orioko Itxaspe baserrian. Egonaldiaren helburua «udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzea eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzea da». 15 eta 18 urte arteko gazteak bilduko dituzte Orion, eta hiru egunetan zehar hainbat ekimen eta ekitalditan parte hartuko dute lagunartean. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarria sortu dute horretarako.

Izena ematea zabalik dago eta topaketaren prezioa 30 eurokoa izango da. Bertan parte hartu nahi duten gazteek urriaren 9a baino lehen eman behar dute izena, UEMAren sare sozialen bidez, 943-816699 telefono zenbakira deituta, edo hezkuntza@uema.eus helbidera idatzita.

Fotos

Vídeos