Sagarmiña txakolina aurkeztuko da Getariako San Anton jaietan

12:15etatik aurrera dastatu ahal izango da, bihar

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Gipuzkoako 31 txakolin ekoizle izango dira bihar Getariako San Anton jaien barruan burutzen duten txakolin berriaren aurkezpenean, horien artean Mutrikuko Sagarmiña txakolin berria ere aurkeztuko dutelarik. Hamaika urte dira Antonio Iparragirrek betidanik ekoiztu duen txakolina Getariako Jatorrizko Izendapenean sartu zela, eta harrez gero urtero izan da Getarian, baina kasu honetan Unai Iparragirre eta Nekane Uranga egongo dira postuaren atzean.

Ekoizle bakoitzak 12 boteilako sei kaxa eroango ditu, beraz jende asko izango da biharkoan, baina dastatzeko txakolinik ere ez da faltako. Mutrikuko txakolinari dagokionez, uzta oso ona izan omen dute, bereziki biltzeko garaian izan zuten zuhurtasunari esker, euria egin bai zuen uzta jasotzeko garaian. Kantitatez, berriz, gehitu egin dute nabarmen, izan ere sail berrietan landatutakoak bere fruitua ematen hasi baitira.

Baina Sagarmiña txakolindegiak beste bi ekimen ditu esku artean; batetik aurten ere txakolin gorria ekoiztu dute, eta joan zen urtean izan zuten arrakastaren ondotik, 900 boteilatik 1.800 boteila ekoiztera pasatu dira; eta bestetik aurten lehendabiziko aldiz Txakolin Berezia aurkeztuko dute, beste 2.000 bat boteila, guztiak ere enkarguz salduak. Salmenta mapa aldetik lehenean jarraitzen dute mutrikuarrak; Debabarrenean gogor dabiltz, Arrigorriaga aldean tokia aurkitu dute eta baita Lea ibarrean ere, Lekeitio eta Gizaburuaga artean, baina bereziki herrian bertan izan duten gorakadak pozten ditu ekoizleak. Bestalde gogoratu Josemiel Zendoia mutrikuarrak, Orioko Ortzaika auzoan kokatua duen Katxina txakolina ere Getarian dastatu ahal izango dela 4. urtez.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos