Polentzi Markiegi eta garai hartako udal langileak omendu dituzte

Jende askok parte hartu zuen atzo plenoan. / A.S.

A.S. DEBA.

Polentzi Markiegi alkate izateagatik eta bere ideiak defendatzeagatik fusilatu zuten tropa frankistek, gerra zibila bete-betean zela, orain dela 80 urte.

Herrian gogora ekarri nahi dituzte gertakari haiek eta atzo arratsaldean omenaldi bat egin zieten garai hartan korporazioa osatzen zuten kide guztiei, frankistek eskubide guztiak kendu zizkietelako.

Omenduak

Omenduak hauek izan ziren; Polentzi Markiegi Olazabal (alkatea), Marcelino Egaña Arancibia, Miguel M. Beristain Mujika, Roman Arostegi Urain, Fernando del Valle Lersundi, Pedro Garcia Ansola, Jose Martija Aldalur, Francisco Oñederra Carrera, Esteban Antia Ulazia, Javier Aginagalde Unanue eta Francisco Osa Alcibar.

Korporazioko kideak ez ezik, bestelako herritarrak ere fusilatu zituzten. Ekitaldiaren antolatzaileek zera esan zuten atzo honen inguruan, «euren eginbeharrak betetzeagatik udal langileak zigortzeko hartutako erabakia, 1937ko urtarrilaren 17ko Junta Nazionalarena, ez dugu ontzat ematen. Beraz, aitortza erakutsi nahi diegu zigortutako udal langile hauei; Manuel Etxaniz Aranberri (mediku titularra), Jose Sagarna (argindarraren arduraduna), Eduardo Barrera Barrera (botikaria), Gumersindo Andonegi eta Nicolas Unanue (argindar zentralaren arduradunak). Baita, alde egiteagatik kaleratutako beste hauei ere; Jaime Lonbide San Martin (Itziarko medikua), Antonio Urkaregi Arrizabalo (argi eta uraren arduraduna), Juan Díaz Egaña (iturgina), Antonio Azkoitia Mendizabal eta Marcos Etxeberria Odriozola (udaltzainak)».

Azkenik, gertatutakoak gogoratu eta gaitzetsi nahi izan zuen Debako Udalak atzoko omenaldiarekin, euren ideiak defendatzeagatik horrelakorik berriro inori gerta ez dakion.

Jende asko egon zen pleno berezian, non Aitzuri abesbatzak beraien ahotsekin eta Jokin Lasa eta Miquel Saumellek gitarrekin giroa alaitu zuten. Polentzi Markiegiren inguruan antolatutako ekin-tzak ere errepasatu ziren.

Fotos

Vídeos