Bi mendarotar sarituak 'Xabier Alvarez de Eulate' pintura lehiketa ospetsuan

Anton Urresti margolan sarituarekin. / A.Z.

Anton Urresti eta Jaime Zamakola izan ziren saridunak

AMAGOIA ZABALA MENDARO.

Xabier Alvarez de Eulate pintura lehiaketako 5. ekitaldia ospatu zen larunbatean Arantzazuko Basilikan. Xabier Alvarez de Eulate, Arantzazu Basilikako beirateen egilea den margolari frantzizkotarraren omenez ospatu zen aire libreko lehiaketa. Arantzazuko Adiskideak elkarteak eta Arantzazu Gaur Fundazioak sortu zuten aire zabalean egindako pintura azkarreko lehiaketa hau eta larunbatekoarekin 5. ekitaldia ospatu zen.

Maila eta ospe handiko lehiaketa honetan, bi mendarotarrek hartu zuten parte eta biak sarituak izan ziren. Lehen saria Anton Urrestik lortu zuen, Oteizaren 'Misterio gela' margotu zuelarik eta hirugarren saria Jaime Zamakolarentzat izan zen.

Urresti oso pozik agertu da lortutako emaitzarekin, espero ez zuen sari bat eman baitiote. Oso ohituta dago sariak lortzera, baina oraingo hau «berezia» izan da, egun horretan margotzeko erabili zituen teknikak berriak direlako berarentzat. Abstrakzioan oinarritu zen eta orain dela gutxi hasi da mundu berri hau lantzen. Bere lanari «Misterio» izena jarri zion , margotu zuen «gela berak «duen esentzia margolanean ezartzea lortu zuelako». Esan beharra dago, Oteiza eta Xabier Alvarez de Eulate oso lagunak zirela eta «misterio gela» Oteizak lan egiten zuen tokian kokatuta dagoela eta bere omenez eraikitakoa da, Oteiza berak zuen «misterioa» eta «esentzia» jasotzen duelarik. Urrestik lan honegatik jaso dituen kritika eta iri-tziak oso onak izan omen dira eta bide berri honetatik jarraitzeko asmoa agertu du, izan ere, epaimahaia Edorta Kortadi arte-kritikoak, Xabier Egaña eta Luis Lascurain pintoreek eta Leire Fernadez Arte Ederretan doktoreak osatu zuten.

Lehiaketan saritutako koadroak, nahiz beste denak, ikusgai izango dira urriaren 7tik 29ra bitartean Gandiaga Topagunea kultur zentroan, doan (asteburuetan eta jai-egunetan 11.00etatik 14.00etara).

Fotos

Vídeos