Jubilatuen eguna ospatu zuten Itziarren giro ezin hobeagoan

60 lagun inguru bildu ziren Salegi jatetxean urtero bezala. / ARGAZKIAK ANDER SALEGI
60 lagun inguru bildu ziren Salegi jatetxean urtero bezala. / ARGAZKIAK ANDER SALEGI

ANDER SALEGI DEBA.

Aspalditik datorren usadioa da uztaila amaierako jubilatuen eguna Itziarren. 1960. hamarkadaz geroztik antolatu izan da etenik gabe. Auzo desberdinetako jendea elkartzen da bertan: Itziartarrak, Lasturtarrak, Debarrak, kaletar zein baserritar, denak jubilatuak. Eskertzekoa da hainbeste urteetan zehar antolaketa lanetan aritu diren arduradunen borondatea. Urtean zeharreko gastu eta zerbitzuak modurik duinenean moldatzen saiatzen da Itziarko Auzo Udala. Besteren artean, arreta berezia jarri nahi die hirugarren adineko auzotarrei. Horren adierazgarri da aurrekontu orokorrean partida zehatz bat izendatu izana beraiei zuzendutako zerbitzuetarako. Besteak beste, jubilatuen eguna sendotu eta garai berrietara egokitzea da asmoa.

Eguna meza batekin hasi zen Itziarko parrokian, ondoren jubilatu guztiak Salegi jatetxera abiatu ziren bertan bazkaltzeko asmoz. 60 lagun bildu ziren bazkaltzeko garaian, jaten hasi aurretik Joxe 'Lizarreta' eta Aitor Beristain bertsolariak, bertso batzuk eskaini zituzten bertara gerturatu zirenei eta konkretuki aurtengo bi omenduei. Menu goxoa prestatu zieten Salegi jatetxekoek jubilatuei: kontsomea, askotariko frijituak, arkume errea, hojaldrea izozkiarekin, kafea eta infusioa dastatu zuten.

Bazkal ostean, Zigor Aizpurua (Itziarko Auzo Udaleko alkatea), eta debako udaletxeko bi ordezkari, aurtengo bi omenduei, Dolores Osa Alzibar (Goixena etxekoa, Itziar) eta Antonio Aldalur Aizpuruari (Arrasketa baserrikoa, Lastur) oroigarri batzuk eman zizkioten. Ondoren, bertara gerturatu ziren guztiak opari bat jaso zuten. Alde batetik, Txankarta, itziartar tikitrilariaren bizitzari buruzko liburu bat eta CD bat jaso zuten, bestetik, podologia zerbitzuaren egutegi bat eskaini zitzaien. Ondoren, dantza egiteko aukera heldu zen, Jon Ostolaza eta Rakel Pujanaren musikarekin.

Senidetasun bazkaria

Arbil Elkarteko bazkide guztientzat, irailak 9an senidetasun bazkari bat antolatu da. Bazkari herrikoi hau Aldats pilotalekuan egiteko intentzioa dute, bertara bazkideen senitartekoak joan ahalko dira. Menua, iberikoak, entsalada mistoa, paella, postrea, ardoa eta kafea izango da. Izena emateko azken eguna abuztua 24 da, horretarako astelehen, asteazken eta ostegunetan Arbileko bulegoetan egin ahalko da. Garrantzitsua da aldez aurretik jakitea zenbat lagun joango diren paella enkargatu ahal izateko. Musika, dantza eta opariak bazkideentzat ziurtatuta daude.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos