San Jeronimo eguna ospatuko dute bihar Mijoa auzokoek

Puzgarriak ere jarriko dituzte aurtengo jaietan. / GORRITIBEREA

Trontza eta motozerrarekin enbor ebakitzea, auzoko lehen harrijasotze txapelketa eta giza proba izango dira, besteak beste

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Mijoa auzoan, Mutriku-Ondarru bidean, holakorik eztezu topatuko mundu guztian!', halaxe iragarri dituzte Mijoa auzokoek aurtengo San Jeronimo jaiak, egun eta erdiko jaiak aurtengoari dagokionez. Bihar zaindariaren eguna izanik, bi aukera dituzte; edo eguraldi beroa edo euria, izan ere zaindariaren eguna benetan seinalatua baitute. Goizeko 10:30ean hasiko dituzte jaiak ohiko txupinazoa jaurtita, 11:00etan meza izango dute San Jeronimoko ermitan, eta ondoren herri kirol erakustaldia izango dute oso kirolari famatuak tarteko.

Trontza eta motozerrarekin enbor ebakitzea, auzoko lehen harrijasotze txapelketa eta giza proba izango dituzte. Arratsaldean berriz umeentzako jaialdia izango dute 17:00etatik aurrera. Lehenik 'Tomaxen abenturak' pailazoen saioa izango da, eta 18:30ak aldera, 'Ibiri' abeltegiko poni eta zezen txikiak izango dira, baina nobedade eta guzti, 'Patxilin' eta 'Isasi' zezentxoen lagunak Illunbeko plazan arituko baitira. Jarraian, DJ Sanjek lagunduta afari-merienda izango dute eta gaueko 23:00etan, 'Hara' eta 'Joxpa' taldeekin kontzertua hasiko da.

Igandean, berriz, ez da azkenean mezarik izango ermitan, baina bai auzoko gaztetxoen arteko herriko kirol saioa. 12:30ak aldera hasiko dira, goiz osoan zehar puzgarriak ere izango dituzte, txosna ere jarriko dute eta 14:30ean errifaren zozketa egin eta bukatuko dituzte aurtengo jaiak.

Fotos

Vídeos