Jendearen iritziz, jaiak oso onak eta giro onean joan dira

Ehun Kilok, jende asko erakarri zuen.
Ehun Kilok, jende asko erakarri zuen. / A.Z.

AMAGOIA ZABALA MENDARO.

Aurtengo Santana jaixetako balorazioa ofiziala egiteko dago udaletxearen partetik baina herritarrek dagoeneko eman dute beraien iritizia.

Kalean, gehiengoaren ahotan oso jai onak, egitarau zabal eta giro onean ospatu direla aipatu da. Bost egun luzez joan dira eta denetik egon dela jaien egitarauan esan daiteke. Herritarren jaietako komisioak aurten porrot egin du eta udaletxearen esku egon da jaien egitaraua lotzea, zer jarri, zer ekarri pentsatzea eta erabakitzea. Guztientzat jaiak nahi dira, adin guztiak kontenplatzea eta talde desberdinen nahiak bete-tzea... Jende guztiaren nahi desberdinak kontutan hartzea eta asmatzea ez da erraza, baina udaletxea ahalegindu dela esan daiteke.

Alde betetik, genero ikuspuntua kontutan hartu da eta jai ikuskizunetan talde misto ugarik hartu dute parte eta emakumeen presentzia nabaria izan da. Bestalde, jai guztiak erdigunean pilatzea ez dute nahi izan, eta herriko beste auzoetan ikuskizun desberdinak antolatu dituzte, tabernari guztiak jaiek dakarren diru iturriaren onura izan dezaten.

Aipatzekoa da baita ere, egun guztian zehar egon dela zerbait, bai goizean bai arratsaldean ere eta ordu hil gutxi egon dira. Beti egongo da zer hobetu, baina jaiak urtetik urtera goranzko bidea egiten ari direla ezin da ukatu.

Fotos

Vídeos