Itziarko Burugorri taberna zerbitzua kontratatzeko prozedura martxan dago

Interesa duten pertsonek aukera dute oraindik euren proiektua eta eskaintza Debako udaletxean aurkezteko

A.S. DEBA.

Itziarren dagoen Burugorri taberna ustiatzeko lehiaketa zabaldu da jadanik eta pleguek jasotzen dutenez, tabernako zerbitzua kudeatzeaz gain, eraikinaren garbitasuna ere kontratazioaren barne dago. Interesa dutenek 15 eguneko epea dute euren proiektua eta eskaintza aurkezteko Debako udaletxean bertan.

Kontratazioaren iraupena urtekoa da, urtez urte luza daitekeena, 10 urteko luzapenarekin, gehienez. Ostalaritzan izan dezakeen esperientziaz eta gaitasun profesionalaz gain, baloratuko da interesdunak aurkezten duen proiektua, zeinak jaso beharko lukeen Itziarko bizitza sozio- kulturala sustatzeko ekimen sorta. Lehiaketan zehazki jasotzen da Burugorri ustiatzearen helburuetako bat Itziarko ekonomiaren eragile dinamizatzailea izatea eta Itziarko balore eta gizarte kohesioari eustea dela, hau da, bertan bizi den komunitateari onura zuzen eta zeharkakoak eragiteko. Kudeatzaileak genero berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea ere bultzatu beharko du aurkezten duen proiektuan.

Pleguen berri izan nahi duenak www.deba.eus webgunearen bidez ditu eskuragarri. Euskadiko kontratazio publikorako plataforman argitaratu dira plegu teknikoak eta administratiboak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos