«Itziarko auzotarrek beharrezko duten hainbat zerbitzuri kalte egingo zaio»

A.S. DEBA.

Zigor Aizpurua Itziarko auzo alkatea kritiko azaldu da udalba-tzan onartutako aurrekontuarekin, eta Itziarko Auzo Udalak dagokiona baino 109.000 euro gutxiago jasoko dituela dio. Aizpuruak plenoan salatu zuenez, «Debako Udal Gobernuak Itziarko Auzo Udalaren garapenari dagokion bigarren fasearen formularen zati bat bakarrik aplikatu du ez osorik eta horren ondorioz behar beharrezko ditugun 109.000 euro gutxiagorekin geldituko gara eta zerbitzu batzuk ezin emanik».

Aizpuruak dio egoera injustoa dela. «Debatik esango dute berriro negoziaketak eten genituela, akordioetarako borondaterik ez dugula, baina legea lege da, araua arau, eta Debako Udal Gobernuak aldebakarreko irakurketa egiten hori urratzen du eta errealitatea da bi milioi euroko gerakina eduki arren Itziarren inbertsioak egiteko dirurik ez duela egokitu nahi». Auzo alkatearen arabera, proposamenek arrazoitutako zerbitzu eta premia konkretuak asetzea zuten helburu, auzotarren ongizate eta bizi-baldintzen garapenerako.

Auzo Udaletik hauxe adierazi zuten: «Nabaria da Debako Udal Gobernuak ez diola errekonozitzen Itziarko Auzo Udalari legez dagokion bezalako autonomia, eta aurrekontuetan jasotako partidak xedatu eta berauen erabilerak erabakitzeko ahalmen propioa. Debako Udal Gobernuak ez dio eskaini negoziaketarako biderik Itziarko Auzo Udalari, eta nahi izan dituen aurrekontuak inposatu ditu».

Bitartean, Itziarko Auzo Udalari gero eta ardura gehiago egozten omen zaizkio egunerokotasunean, baina arduren araberako baliabide eta laguntzarik eskaini gabe. «Begi bistakoa da Debako Udalak jarritako baliabideekin ez garela iristen gutxieneko zerbitzu eta kudeaketak bermatzera», dio auzo alkateak, «baina oztopoak oztopo, Itziarko Auzo Udaletik gure asmo eta proiektuekin aurrera jarraituko dugu, onura eta aurrerapenak urtetik urtera nabarmenduz. Oztopoak oztopo, auzotarrok merezi dugun bizi kalitatea hobe-tzen eta ongizatean sakontzen».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos