Itziarko Auzo Udalak datorren urterako aurrekontu proiektua erregistratu du

Maider eta Zigor prentsaurrean. /  ANDER SALEGI
Maider eta Zigor prentsaurrean. / ANDER SALEGI

Aurrekontu proiektuaren inguruan parte hartzea sustatzeko galdetegi bat osatu dute

ANDER SALEGI DEBA.

2015. urtean Itziarko Toki Entitate Txikia sortu zenetik Debako Udalean erregistratzen duten hirugarren aurrekontu proiektua da astelehenean aurkeztu zutena. Zigor Aizpurua auzo alkateak eta Maider Lopetegi juntakideak Itziarren emandako prentsaurrekoan adierazi zuten 2018koari begira, aurrez lanketa egin ondoren, «bigarren fasearen garapen osoan gaudela ulertuta, prestatu ditugu gure aurrekontuak. Bigarren faseari dagokion formula osoa aplikaturik, eta dagokigun diru ekarpena ezarrita». Baita ere azaldu zuten lanean daramatzaten hiru urte hauetan, oso garbi nabaritu dutela hainbat gabezia: «harrera bulegoa badugu, baina astean bi goizetan soilik irekita; diru laguntzen lanketarako ere laguntza behar dugu; Itziarko Auzo Udalari dagozkion tramite administratiboak lantzeko eta burutzeko ere arazoak ditugu... Guzti horrek behar berriak sortu ditu, eta teknikari koordinatzaile baten kontratazioa ezinbestekoa zaigu». Aizpurua pozik agertu zen, bere esanetan aurrekontu proiektua «legearen araberakoa eta zorrotza delako, eta auzotarrok merezi ditugun zerbitzuak hobetzeko balio izango duelako».

Batzarrak auzoetan

Maider Lopetegi juntakideak, bere aldetik, azaldu zuen aurrekontu proiektuaren berri emateko eta inbertsioaren atala osatzeko herritarren beharrak, lehentasunak eta eskaerak ezagutu eta proposamenak jaso nahi dituztela «Itziarko Auzo Udalaren muinean baitago herritarren borondatea errespetatzea». Horregatik aurrekontu proiektuaren inguruan parte hartzea sustatzeko galdetegi bat osatu dute «etxez etxe eramango dena, herritarren beharrak, lehentasunak eta eskaerak ezagutzeko asmoz». Galdetegia abenduaren hasieran zabalduko da, eta ondoren jasotzeko zein prozesu jarraituko duten zehaztuko dute. Eta urtarrilaren 11n Batzar Orokor bat egingo dute emaitzen berri emateko. Bestalde, edozein duda argitzeko eta baita ere zuzenean proposamenak jasotzeko, aurreikusita dituzte lau batzar auzo ezberdinetan: abenduaren 12an eta abenduaren 14an.

Hitzaldia

Ostiral honetan, hilak 24, iluntzeko 19:30ean Burugorri gainean hitzaldi bat egingo da 'Barruan Giro' kultur egitaraurarekin bat egiten. Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak egungo merkatu elektrikoaren azalpen labur bat egingo du, horretarako kooperatiba honetako bi boluntario etorriko dira. Hauek, Goiener kooperatibak zer eskeintzen duen, alternatiba bezala, nola egin bazkide eta kontratu aldaketaren nondik norakoak baita ere landuko dute faktura elektronikoaren gakoak. Bertara gerturatzen direnak beraien fakturak eraman dezakete etxetik eta bertan aztertuko dira. Hitzaldia amaitutakoan mokadua eta edatekoa eskainiko da.

Odol emateak

Gaur asteazkena, Itziarko apaiz etxean, arratsaldeko 18:00etatik 20:30era, Gipuzkoako odol emaileak antolatuta odol emateak egongo dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos