Iñigo Perez eta Irati Velasco garaile XV. Herri Krosan

Irabazleak, eta euren haurrak, podiumean proba amaitu ostean. /  A.G.
Irabazleak, eta euren haurrak, podiumean proba amaitu ostean. / A.G.

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Atzo arratsaldez jokatu zen Mutrikuko XV. herri krosa eta irabazlea Markina-Xemeingo Iñigo Perez izan zen, ibilbidea 36:37 minututan burutu eta gero. Bigarren Ondarroako Ander Rodilana izan zen 37:26 denborarekin eta hirugarren Azkoitiako Jose Antonio Circujano 37:46 denborarekin. Emakumeetan, Mutrikuko Irati Velasco izan zen garailea 50:55 denborarekin; bigarren Eibarko Nahia Blanco 57:14 denborarekin eta hirugarren Ondarroako Maribel Arrokero 57:40 denborarekin.

Herriko denbora onenak Beñat Zafra eta Irati Velascok eman zituzten eta aipagarria inskripzioan lortutako guztia alzheimerraren aurka aritzeko sortu berria den 'El futuro es la Memoria' taldeari eskuratu diola Talaixa Triatloi Klub talde antolatzaileak.

Gaur helduen mendi ibilaldia

Gaurkoan berriz Burumendi Mendizale Taldekoek izango dute protagonismo berezia, izan ere Euskadiko 37. helduen mendi Ibilaldia ospatuko baita Mutrikun egunean zehar. Goizeko 8:30ean abiatuko dira 200 mendizale baino gehiago atzo bertan markatu zuten zirkuitoa burutzeko asmoz eta eguerdian 78 lagun geldituko dira bazkaltzen Arkugain elkartean.

Ibilaldian parte hartu nahi dutenek, gaur 5 euro ordaindu beharko dituzte, eta hamaiketakoa goizeko 11:00etan izango dute Eizarren parean.

Fotos

Vídeos