Hegaluze dastaketak eta merkatu txikiak jai usaina emango diote Beheko plazari

Beheko Plaza benetako faktoria bilakatuko da gaurkoan. / A.G.

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Jaien atarikoa nabarituko da gaurkoan Mutrikun, izan ere prestaketaz gain lau bat ekimen desberdin izango dira egunean zehar. Goizeko 9:00etatik 14:00ak arte Merkatu Txikia izango da Beheko plazan. Postuak berriz Antia, Aritza, Ibiri, Goienetxe, Ondare, Ekoalboraz eta Iratxek jarriko dituzte eta ohi bezala, erosketa egiten dutenen artean otarra zotz egingo da eguerdiko 13:30etan.

11:00etatik aurrera berriz Arraun taldekoak hasiko dira beraien prestaketekin, izan ere hain arrakastatsua gertatzen den hegaluze dastaketa izango baita. 120 kilo prestatuko dituzte guztira, 12:30ean puntuan irekiko da salmenta, eta pintxoa euro batean salduko da, hegaluze platera 3 eurotan salduko duten bitartean. Gomendio bezala, etxera hegaluzea eroan nahi dutenentzat, plater batekin joatea eskatzen dute, era horretan ezin dutenak ere dastatu ahal dezaten. Horrekin batera Yurrita Group babesle duten kontserba etxearen 'Lorea' atun latak ere salduko dituzte 2 eurotan, eta kamisetak ere izango dira beste mahai batean; kamisetak zuriak, berdeak eta beltzak atera dituzte; bat 15 eurotan salduko dute eta bi hartzen dituenak berriz 25 euro kostako zaio. Biserak berriz 10 eurotan izango dira.

Gogoratu jasotzen den guztia Mutrikuko Arraun Taldeak trainerua ateratzearekin duen erronka ekonomikoari aurre egiteko izango dela. Baina kirolak ere izango du tarterik, izan ere Sestaon arituko bai dira gaur ontzia, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Fotos

Vídeos