Hainbat ekintza antolatu dira Polentzi Markiegi, Debako alkate ohia, omentzeko

Polentzi Markiegiren omenez herrian dagoen eskultura. / A.S.

Bihar hasiko diren ekintzak datorren astean bukatuko dira

ANDER SALEGI DEBA.

Markiegi plataformak, Debako eta Itziarreko auzo Udalaren babesarekin, Polentzi Markiegi alkate ohiari omenaldia egiteko hainbat ekintza prestatu ditu. Egitarauaren egun handiena azkenekoa izango da, urriaren 15a, jardunaldi honetan ospatuko baita bere fusilamentuaren 80. urteurrena.

Polentzi Markiegi 1937ko urriaren 15ean frankisten eskuetan fusilatua izan zen Santoñako Barriako hondartzan, beste hiru lagunekin batera. Momentu horretan bera Debako alkatea zen. Gaur egun herri honetan Polentzi Markiegi nor zen galdetzen badugu, herritar askok ez dute erantzunik emateko gaitasunik, kasu askotan iragana galdu baita. Horregatik, «ahaztura horren kontra borrokatzeko» egitarau zabal bat, ekintzez beterikoa, antolatu dute.

Egitarau bihar jarriko da martxan. Debako udaletxean plenario berezia ospatuko da. Arratsaldeko zazpietatik aurrera, pleno aretoan, Polentzi Markiegi, fusilatu eta errepresaliatu guztiei omenaldia egingo zaie. Baita ere,1937ko zinegotzi eta udal langileei. Hitzaldiak ere antolatu dira. Lehenengoa urriaren 5ean izango da 18:30ean hasita, Agirre Jauregiko Ispilu gelan. Bertan, alde batetik, bi astetan zehar antolatu diren ekintzen aurkezpena izango da. Bestetik, Leyre Arrieta Deusto Unibertsitateko Historia irakaslea, 'Lehen Eusko Jaurlaritza. Bilbo 1936-1937' gaiari buruz hitz egingo du. Jokin Lasa eta Miquel Samuell abeslariak bertan egongo dira giroa alaitzen.

Urriaren 7an, larunbata, ekintza interesgarri bat antolatu dute. Gurs (Frantzia) kanpamendura bisita. Josu Chueca EHUko Historia irakaslearen gidaritzapean egun osorako txangoa antolatu dute. Txistulariak eta dantzariak joango dira eta bertan Agurra, loreak eta omenaldia egingo da. Autobusa (doan) 8:15ean aterako da eta bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du. Izena emateko kontaktua hau da: 626710441. Hurrengo egunean, Debako Santa Maria elizan Meza Nagusia egongo da eta ondoren kanposantuan lore eskaintza eta agurra.

Datorren asterako, bi ekintza antolatu dira. Alde batetik, hitzaldi bat Itziarko Burugorri gainean. Hizlaria Ismael Manterola EHU Arte Ederretako irakaslea 'Gernika: argiak eta itzalak' gaiari buruz hitz egingo du asteartea 10, 19:30etik aurrera. Bestetik, urriaren 15ean, igandean egitarauaren egun handienetako bat ospatuko da, egun horretan Polentzi fusilatua izan baitzen, horregatik ekintza instituzional bat egingo da.

Fotos

Vídeos