Era guztietako musika entzun ahal izango da aurtengo 'Malen jaietan '

'Melissa and the Jacks' taldeko kideak bi kontzertuak eskaintzeko prest. / DV

'Melissa and the Jacks' ostiralean Saturraranen

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Barixakuan hasi eta martitzena artean bete-betean opatuko dira 'Malen jaiak' Mutrikun, programa ofizialarekin batera 'Bizixo' jai konpartsaren egitarauarekin programa sendoa bezain erakargarria osatu dute. Musika arloan ere beste horrenbeste gertatzen da, izan ere 'Mutrikuko Rock Kolektiboa' bezalako ekimena bultzatzen dutenak herrian edukitzea aberastasuna baita.

Ostiralean jaien hasierarekin batera 'Aldats' elektrotxaranga arituko da kaleak girotzen arratsaldeko 19:00etan, eta gauean Goiko plazan 'Oihan Vega' DJa arituko da 12:30etatik aurrera, eta Beheko Plazan 'Turtukiña' DJ hirukotea goizeko 1:00etatik aurrera.

Larunbatean, 19:30etan, 'DJ Miau' arituko da Beheko plazan arratsaldeko 19:30etan, kalean zehar 'Raza Azteca' mariatxiak, eta gaueko 23:00etatik aurrera Goiko plazan arituko dira. Beheko Plazan berriz, hiru talde arituko dira kontzertua eskainiz; 'Zeinke', 'Kalera' eta 'Ziribulio Sound'.

Domekan berriz, 'Jundajo' trikitixa taldea arituko da Beheko Plazan izango den bazkari ondoren, Goiko plazan berriz, 'Goazen' karaokea eta dantzaldia izango da gaueko 22:30etatik aurrera, eta Beheko plazan bertso musikatuak Miren Amuriza, Onintza Enbeita Alaia Martin eta Oihana Iguaran bertsolariekin. Astelehenean ospatuko den kuadrilla egunak izango du beste aukerarik; Goiko plazan, 'Guateke Gaua' izango da 'Noaelvis&The Wooden Hearts' taldeak Elvis Presleyri gorazarre egingo diolarik, eta ondoren 'DJ Duke' arituko da. Beheko Plazan berriz 'Rukula', 'Las Tuerkas' eta 'Joxpa' arituko dira. Martitzenean azkenik, 'Anaiarte' abesbatzak izango du protagonismoa 'Ene Mutriku maitea' abestuaz.

Saturrranen lasai

Jaietatik ihes egin nahi dutenek, aukera ezin hobea izango dute ostiralean Saturrarango kantinan, izan ere 'Melissa and the Jacks' taldea arituko baita gaueko 22:00etatik aurrera. Ez da mutrikuarrek izango duten kontzertu bakarra izango, izan ere uztailaren 29an, larunbatez, arratsaldeko 19:30ean, Pasai San Pedroko 'Begihaundi' tabernan arituko baitira.

Fotos

Vídeos