Lau graffitilari jendaurrean lanean Deban

Miramar hotela izandakoan Arte Factoryk margotutako horma-pintura erraldoia. / Ander Salegi

Maraca, Eneko, Willy eta Sortwok jokatuko dute igande honetan mural/graffiti lehiaketako finala

Arte urbanoa, graffitia, lantzen dutenek ezkutuan eta iheska egin behar izaten dute euren lana askotan. Deban, berriz, jendaurrean ariko dira igande honetan herrian antolatu den mural eta graffiti lehiaketaren finalera iritsi diren lau artistak.

Maraca, Eneko, Willy eta Sortwok herriko hainbat txokotan gauzatuko dituzte euren muralak, eta jendeak ikusi ahal izango du egun osoan zehar nola bilakatzen duten horma bat artelan. Lau finaliston lanak Estalitako Pasealekuan ezarriko dira astelehen goizean.

Aurreneko aldiz antolatu den lehiaketaren deialdia argitaratu zenean, 9 lan aurkeztu ziren. Epaimahaiak egindako lehen aukeraketaren ondoren, 7 besterik ez ziren pasa bigarren fasera eta bozketa herrikoiaren emaitzek erabaki zituzten lau finalisten izenak.

Horiek Udalak euren esku jarriko dituen 3,60x2,40 metro inguruko muraletan gauzatu beharko dituzte igandean aurkeztu zituzten proposamenak. Jendaurreko ekitaldia goizeko 9etatik arratsaldeko 7etara izango da eta finalista bakoitzak herriko txoko bat izango du gordeta bere lana burutu ahal izateko. Bata, Zumardiko kioskoan arituko da lanean eta gainontzeko hirurak hiribilduan zehar sakabanatuta; Plaza Zaharrean, Gurutze ermitaren atzekaldean eta Simon Berasaluce plazan, hain zuzen ere.

Debako Udalak ohar baten bidez argitu duenez, "sariketa honen helburu nagusietako bat herrian arte garaikidea sustatzea izanik, egun batez mural, grafiti, urbanart edota streetart bezalako modalitate artistikoak ezagutzeko aukera paregabea izango dugu debarrok, bai eta herrira hurbiltzen diren bisitari guztiek ere".

Behin parte-hartzaileek euren lana amaitutakoan, epaimahaiak zuzen exekutatu eta amaitu duela ziurtatuko du eta astelehenean Estalitako Pasealekuan ezarriko dira "Debako 'arte galeria berria' pixkanaka osatzen joateko".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos