Galbaixo txiki egunak marmitako usaina izango du

Meza ondoren jende ugari urreratu zen Gurutze Santuari musu ematera. Herri kirolen saioak plaza bete zuen. Txakolina eta sagardoa dastatzen. Goitibera erakustaldia. / GORRITIBEREA
Meza ondoren jende ugari urreratu zen Gurutze Santuari musu ematera. Herri kirolen saioak plaza bete zuen. Txakolina eta sagardoa dastatzen. Goitibera erakustaldia. / GORRITIBEREA

Gaueko 22:30ean Xistera txapelketako finalak jokatuko dira Miruaitzen

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Eguraldiak uzten duen heinean ondo doaz Galbaixo jaiak. 'Anaiarte' biltokikoen danborrada zehatza eta ondo eramana izan zen, baina bereziki ikaragarria izan zen Begoña Arrasate zenaren omenez gorde zen minutuko isiltasuna, Txurruka plaza osoak erantzun bai zuen, eta halakoa izan zen ondorengo txalo zaparrada ere. Atzokoan berriz eguerdi aldera erantzun zuen jendeak ermita inguruan, baina hala eta guztiz ohiturari gogotik eutsi zioten kuadrilla desberdinek. 76 goitibera izan ziren jaitsi zirenak, ez zen inolako zauriturik izan, eta bereziki azpimagarria, 'Tranpan Behera' inertzia taldea osatzen duten 16 boluntarioek egin zuten lana. Beraz segurtasuna medio Udaletxean burutu diren hiru bilkurak zerbaitetarako balio izan dute. Gainera egin kontu Euskal Herriko Goitiberen Txapelketan badirela mutrikuarrak, eta emaitza onekin gainera, beraz agian goitiberekin dagoen zaletasuna ez da urteko ekintza bakarrean geldituko. Sokamuturrak, 'Bentazaharreko Mutiko Alaiak' edo eta 'Huntza' taldearen kontzertuak jende asko bildu zuen baita.

Marmitakoa eta xistera finalak

Gaurkoak ere denetatik izango du. Goizeko 10:00etan hasiko da 'Txoko-Eder' elkarteak antolatutako XXVII. marmitako lehiaketa arrakastatsua. Ondoren, 11:30ean berriz, erraldoi eta buruhandien konpartsa aterako da txistulariekin batera. Eguerdiko 12:00etan, pottokak eta zezen txikiak izango dira Txurruka plazan. 13:00etan hasiko da Musika Bandaren kontzertua Beheko Plazan, 14:00etan 'Arte Lagunak' elkarteak antolatutako Antxon Urreisti margolariaren koadroa zotz egingo du. Segidan marmitako lehiaketako irabazleak jakineraziko dira eta enkanteari emango zaio hasiera.

Arratsaldeko 18:00etan, Sakaren zezenekin bigarren sokamuturra izango da eta gaueko 22:30etan, Xistera txapelketako finalak jokatuko dira Miruaitz frontoian. Gazte mailan, Markinako Iker Ibarluzea eta Mutrikuko Aratz Mendizabal, Bidarteko Clement Garcia eta Zumaiako Julen Lopezen aurka neurtuko dira eta nagusien mailan Miarritzeko Ibai Iturrino eta Mutrikuko Mikel Manzisidor, Zumaiako Telmo Manterola eta Gasteizko Eduardo Susoren aurka. 15 tantotako bi kinieletara jokatuko dira eta berdinketa badago bost tantotako hirugarren bat jokatuko dute. sarrera doan izango da eta gorri eta urdinen artean apusturik egin ahal izango da.

Izanez berdin

Kutxaren laguntzaz berdintasuna bultzatzeko ekimenen artean, 16:30etan txantxariak kalejiran antzerki, musika eta jokoak izango dira 3 urtetik gorako umeentzat Beheko Plazan abiatuta. Ordu berdinean, parkour ekimena izango da 12 urtetik gorakoentzat Dani Sampayo eta Lotzenen eskutik Domingo Ibaibarriaga plazan, eta euria egingo balu kiroldegian.

19:30ean berriz, musikaerromeria tailerra izango da Beheko Plazan eta azkenik 22:00etan, DJ Iban hasiko da bere saio bereziarekin.

Fotos

Vídeos