Galbaixo egunak mutrikuar guztiak bilduko ditu ermitaren inguruan

Kantuzaleen zita urtetik urtera indartzen ari den ekimena da. / ARGAZKIAK A.G.
Kantuzaleen zita urtetik urtera indartzen ari den ekimena da. / ARGAZKIAK A.G.

14:00etan hasiko da goitiberen jaitsiera. Sakaren zezenak izango dira sokamuturrean

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Eguraldiaren iragarpenak ez dira hoberenak, baina hala ere jende faltarik ez da izango Galbaixoko ermitaren inguruan, urteko egunik ederrena ospatzen baita gaur. Goizean goiz hasiko dira autobusak Txanbolingo biribilgunetik Galbaixoko bidegurutzera jendea eramanez 50 zentimoren truke. Mezak, berriz, 9:00etan, 10:00etan, 11:00etan meza nagusia eta 12:00etan izango dira, eta emaileak berriz, herriko bi apaizak; Xabier Andonegi eta Andoni Illarramendi.

13:00etan hasiko da herri kirol saioa, eta bertan Imanol Illarramendi 'Kortaberri' eta Inhar Urruzuno harrijasotzaileak eta Ugaitz eta Aratz Mugertza herriko aizkolariak arituko dira. Ugaitzi gainera ondo etorriko zaio gaurko ekitaldia, izan ere hurrengo larunbatean, arratsaldeko 18:00etan, Abadiñoko probalekuan, Euskadiko Lehen Mailako aizkora txapelketako kanporaketa jokatuko du.

Bien bitartean, izango da hamaiketako ederrik eta noski, bustitzeko herriko ekoizlea den Sagarmiña txakolina. Tartean, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak girotuko dute plaza, eta kantuzaleak berriz ermitako estalpean bilduko dira ohi bezala.

Goitiberen jaitsiera

14:00etan hasiko da goitiberen jaitsiera, eta gutxienik 16:30ak arte luzatuko da, azkena ohi bezala 'Potronor' kuadrillarena izango delarik. Tartean denetatik izango da; bakarrak, bikoak, bi bagoikoak edo bi pisukoak, baina guztiei ere gogoratzen zaie kontu handiarekin jaitsi behar dela, helburua Txurruka plazara iristea baita eta ez Mendaroko ospitalera.

Arratsaldeko sokamuturra 18:00etan hasiko da eta Nerea Epelde eta 'Sakaren' zezenak izango dira gaur eta baita bihar ere kaleak korrituko dituztenak. 19:30ean, 'Bentazaharreko Mutiko Alaiak' taldekoak eskainiko dute kalejira, eta gaueko 23:00etan hasiko da Huntza taldearen kontzertua Beheko plazan.

Ikusmira piztu du igandean 13:00etan ermita ondoko probalekuan izango den demak. Batetik Mutrikuko Gorixo baserriko ponia eta bestetik Berriatuako Belaustegi baserriko zaldia arituko bai dira lehian. 20 minutuko tartean, 150 kilo pisatzen dituen poniak 311 kiloko harria eroan beharko du eta 600 kilo pisatzen dituen zaldiak berriz 600 kiloko harria. Nork irabaziko duen dago ikusgai.

Fotos

Vídeos