Euskal Herriko zesta punta txapelketako nesken topaketa igandean

Neska multzo hau zesta puntan jokatzen ikustea ikusgarria izango da. /  GORRITIBEREA
Neska multzo hau zesta puntan jokatzen ikustea ikusgarria izango da. / GORRITIBEREA

Gaur arratsaldean hasten da Gipuzkoako Txapelketa Miruaitzen

GORRITIBEREA MUTRIKU.

Zesta puntako txapelketa desberdinak martxan dira dagoeneko, eta hauei topaketak gehitu behar zaizkie panorama osatua gera dadin. Topaketen artean aipagarria da emakumeek kirol arlo honetan eman duten urratsa, eta lekukoa igandean goizeko 11:00etan, Miruaitz frontoian ikus ahal izango da. Tolosa, Berriatua, Andoain, Mutriku, Donostia, Durango, Ereño, Gasteiz, Markina-Xemein, Miarritze eta Zumaiako emakume zestalariak arituko baitira. Jubenilak eta seniorrak arituko dira, eta guztien artean bikoteak osatuko dituzte zozketa bidez, gero, kinielak jokatzeko. Mutrikuko ordezkari bakarra Eneritz Lizardi izango da, kadeteetatik zesta punta praktikan diharduena.

Bestalde, gaur 19:30ean, Gipuzkoako Zesta Punta Txapelketa jarriko da martxan. Mutrikuko Danok Bat eskolak kadeteetan bi talde izango ditu, beste bi jubenil mailan, beste bi bigarren mailako seniorretan, eta bakarra senior mailako lehen kategorian. Gaurko jaialdian, kadete mailan, herriko bi bikoteak arituko dira beraien artean, eta senior mailako lehen kategorian, Mutrikuko Danok Bat eta Donibane Lohitzuneko Luzean arteko bikoteak neurtuko dira. Biharkoan, berriz, Durangoko Ezkurdi frontoian, 19:00etan, San Fausto txapelketa abiatuko da eta Mutrikuko bikotea, Markina-Xemeingoaren aurka neurtuko da nagusien mailan. Danok Bat eskola ordezkatuko duen bikotea Ekaitz Mendizabal, Mikel Manzisidor eta Aitor Andonegi hirukotetik aterako da.

Xistera Noainen

Azkenik, biharkoan baita, Xistera Zirkuituko kanporaketak jokatuko dira Nafarroako Noain herrian 18:00etatik aurrera. Mutrikutik hiru zestalarik parte hartuko dute; Aratz Mendizabal, Zuhaitz Arrillaga eta Aitor Manzisidor.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos