Erreka garbiketa egingo da gaur goizean zehar

Hitzordua 11etan izango da herriko enparantzan parte hartu nahi duten guztientzat

AMAGOIA ZABALA MENDARO.

Gaur goizeko 11etan, Deba eta Kilimon erreken inguruak garbitzea nahi dutenek herriko enparantzara joatea besterik ez dute izango. Ludotekak, Gaztelekuak, Udalak eta Arno Guraso Elkarteak elkarlan bateratuan antolatu duten ekintza bat da. Orain dela bi urte Gaztelekuak eta Ludotekak, Deba ibaiaren inguruan dagoen pasealekua garbitu zuten uholde sasoian, zuhaitzetan zintzilikaturik geratzen diren plastikoak eta bestelako zakarrak kentzen ibili zirelarik, baina era berean, lurrean, urak eta gizakiok bota eta ekartzen dituzten beste zabor pilo bat ere jaso zuten eta zikinkeri asko jaso zutela esan beharra dago.

Ikastolan, Agenda 21 dela eta, ibaiak eta errekak lantzen ibili dira eta lan horretatik ateratako ondorio bat bazterrak zaintzea da eta erreka garbiketa ekintza aurrera eramatera, iaz proposamen hau ere udaletxeko mahai gainean jarri zuten eta kurtso honetan ere, ildo berdinetik jarraitu dute herriko haurrek.

Beharra eta Nahia elkarturik, goian aipatutako elkarteak bat egin dute eta gaur ospatuko da Erreka Garbiketa saioa. Lanerako gogoa eta eskularruak eramatea besterik ez litzateke izango.

Xake tailerra

Atzo ospatu zen Xake tailerra eta Arno Guraso elkartea oso pozik agertu da, haur eta nagusien partetik jaso duten erantzunagatik. Partehartze altua izan omen da eta kirol honetaz ezer ez zekitenek kirol hau zertan datzan ikusteko aukera izan dute. Datozen astebukaereetan, kideak beste ariketa minoritario batzuk landuko dituzte.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos