Emakumeentzako jabekuntza eskolaren ikasturte berria hastear dago

Osasuna, kultura, komunikazioa, feminismo, kirola eta norbere autonomia landuko dira Etxelilan

A.E. ONDARROA.

Urrian hasi da emakumeentzako jabekuntzako ikasturte berria. Osasuna, kultura, komunikazioa, feminismoa, kirola, norbere autonomia... landuko dira aurten Etxelilan egingo diren ikastaro ezberdinetan, guztiak emakumeen jabekuntza eta ahalduntzea izango dutela helburu aurreratu du Bisit Beirok, berdintasun arloko zinegotziak.

«Brikolojera, klown ikastaroak, lodiaktibismoa, jendeaurrean hitz egiten ikasteko ikastaroa, argazkilaritza, menopausia, dantza... ikasteko aukera izango da aurtengo ikastaroetan, eskola anitzak diseinatzen saiatu gara aurten ere», gaineratu du Beirok. Ikastaro guztiei buruzko xehetasunak biltzen dituen liburuxka ere kaleratu du aurten Udalak, aste honetan Ondarroako etxe guztietan banatuko da. Bertan ikastaro bakoitzaren xehetasunak bildu ditu Udalak.

Joan den urtean izandako harrera ona ikusita, aurten ere parte hartze guneak mantenduko dituzte jabekuntza eskolako ikasturte berrian. Horrenbestez, literaturaz eztabaidatzeko gunea eta aringaingan parte hartze guneetan ere izena emateko aukera izango dute interesa duten guztiek. Literatura, irakurketa eta eztabaida kritikoa lantzeko taldea, hileko azken barikuetan bilduko da, eta parte hartu nahi duen guztiek Etxelilan izango du guneari buruzko informazioa eskuragarri.

Horretaz gain, Aringaingan taldeak ere bere ibilbidea jarraituko du Arantza Burgoa irakaslearekin. Parte hartze gune honi buruzko informazioa, urriaren 26an, 19:00etan Etxelilan izango den aurkezpenean emango zaie bertaratutakoei.

Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago eta gehienezko parte hartzaile kopuruaren kopurua bete arte izena emateko aukera zabalik egongo da.

Matrikulazioa: hiru hilabeteko ikastaro bakoitzaren prezioa: 5-10 euros. Oinarrizko errenta jasotzen dutenek eta 20 urtetik beherako andra gazteek, ostera, %50eko deskontua izango dute. Plaza kopurua: talde bakoitzeko, gutxienez, 7 lagun. Ikastaro bakoitzeko lagun kopurua bete ahala, itxi egingo da matrikulazioa; bestela, ikastaroa hasi arte egin daiteke matrikula. Izena emateko: goizetan, Udal Diru-Bilketa bulegoan (Kantoipe 3an) egiteko aukera egongo da, eta arratsaldeetan, Etxelilan (Artibai 3, 2. Pisua ).

Fotos

Vídeos