Diario Vasco

Tertuliak eta Euskara Ikastaroak Gurasoentzat egitasmoak hastear daude

Hitz egiten. Tertuliak urtea asko daramatza martxan Elgoibarren.
Hitz egiten. Tertuliak urtea asko daramatza martxan Elgoibarren. / E.I.
  • Tertuliak egitasmoan izena emateko epea irailaren 30ean bukatzen da eta Euskara Ikastaroak Gurasoentzat-ekoa irailaren 23an

Euskara bultzatzeko hainbat ekitaldi martxan jarriko dira hurrengo asteetan. Tertuliak egitasmoa, gurasoentzako ikastaro bereziak eta euskaltegietako ikastaroak daude tartean.

Dagoeneko zabalik dago Tertuliak programan izena emateko epea. Tertuliak programa euskaraz berba egin nahi baina erraztasunik ez daukatenei zuzenduta dago. Lauzpabost laguneko taldeak osatzen dira eta talde bakoitzean euskaraz ondo dakien lagun bat egongo da, taldea dinamizatzeko. Urrian hasi eta ekainera arte izango da ikasturtea, eta programaren oinarrian astero izango den ordubeteko tertulia-saioa dago. Tertuliak programa doan da eta izena emateko epea irailaren 30ean amaituko da.

Beraz, programan parte hartzera gonbidatuta daude euskaraz berba egin nahi baina horretarako aukerarik edo erraztasunik ez daukaten herritarrak. Programaren eragileak Elgoibarko Izarra, Elgoibarko Udala, AEK euskaltegia, eta Udal Euskaltegia dira, eta Udalaren diru-laguntzarekin finantzatzen da. Izena emateko eta informazio gehiago: AEK euskaltegia (607.601.423 tlf.), Udal Euskaltegia (943.74.27.31 tlf.) eta Elgoibarko Izarra (943 74 16 26 tlf.).

Bestaldetik, Elgoibarko Udalaren Euskara Sailak, Udal Euskaltegiak eta AEKeuskaltegiak, gurasoentzako hainbat euskara ikastaro antolatu dituzte, herriko ikastetxeekin elkarlanean, urtero bezala. Ikastaroak pertsonalizatuak izango dira erabat, ordutegia gurasoen beharretara moldatu ahal izango baita. Era berean, gurasoek Udalaren beka lortzeko aukera izango dute. Bekari esker, izena ematerako orduan ordaindutako kopuruaren erdia jasoko dute. Horretaz gain, 0 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoek matrikula erdia baino ez dute ordainduko.

Euskara ikasteko aukera ezberdinak eskainiko dira: euskara ikasten hasteko, hobeto edo errazago berba egiteko, edota hobeto idazten eta irakurtzen ikasteko. Izena emateko epea irailaren 23ra arte izango da. Informazio gehiagorako jo Udal Euskaltegira edo AEK-ra.