Umeentzat, 'Ulises-en bidaia' taularatuko dute gaur Gorakadakoek

Bidaia. Gaurko emanaldiaren kartela./
Bidaia. Gaurko emanaldiaren kartela.

F.M. EIBAR.

Antzerki Jardunaldiek bere lekua gordetzen diete urtero ikusle gaztetxoenei. Publikoa sortu eta zaindu behar du antzerkiak, eta horregatik umetik ezagutu behar dituzte teloiaren atzean gertatzen diren istorioak. Horiei zuzenduta dago gaur taularatuko den obra, 'Ulises-en bidaia'. Gorakada konpainia bizkaitarrak bere azken lana aurkeztuko du 30 urtetako eskarmentuak ematen duen bermearekin.

Emanaldia gaur izango da Coliseo Antzokian, 17.00etan hasita. Antzezlana sei urtetik aurrerako ikuslegoarentzat dago zuzendua, eta sarrerak bost eurotan daude salgai. Leihatila ordubete aurretik irekita egongo da.

Aritza Rodríguez, José Cruz Gurrutxaga eta Javi Tirado dira an-tzezleak José Carlos García zuzendutako lan honetan. Ez dira bakarrik egongo eszenatokian. Beraiekin batera Fran Lasuen musikari eibartarra arituko da. Askotan aritu da Lasuen antzerkirako musika konposatzen eta taula gainean aritzea ere ez zaio berria egiten.

Antzezlanak greziarren arora bidaia egingo du Homerok aurkeztutako abenturen bidez. «Greziako Jainkoek, Olinpo mendiaren gailurretik, gizakien bizitzak gobernatzen zituzten. Beraiek erabakitzen zuten gizakiak babestu eta baztertuko zituzten, eta, hala, eragin nabarmena zuten pertsonengan. Ba-tzuk, hala ere, Jainkoen apetak desafiatzera ausartu ziren, eta, hala, beren haserrearen biktima bihurtu. Halaxe gertatu zitzaion Ulisesi. Poseidon Jainkoaren semea itsu utzi zuenean, Jainkoa iraindu egin zen eta Itakara itzultzea galarazi zion; Mediterraneo itsasoan noraezean utzi zuen». Horrela aurkezten dute 'Ulises-en bidaia' Gorakada taldekoek, bidai baten istorioa eta aldi berean bizitzaren metafora bezala.

Hainbat alditan begiratu die gaurko antzerki taldeak klasikoei bere espektakuluak antolatzeko. 'Aladdin', Munduari Itzulia', Jules Verneren azken abentura', 'Cyrano' edo 'Robin eta Hood' bezalako izenburuen ostean Ulisesen kondairari ailegatu zaio txanda. «Bizitza luzea greziar heroiarentzat!».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos