Transmisioari buruzko mintegia martxoaren 7an

F.M. EIBAR.

Euskararen transmisioari buruzko Mintegia bere 8. ediziora iritsiko da martxoaren 7an. Eta Kitto Euskara Elkarteak antolatzen duen ekitaldiak hainbat hitzaldi eta jarduera azaltzeko balioko du. Teknikari, hezitzaile eta modu batean edo bestean euskararen inguruan lan egin edo interesa dutenei dago zuzenduta, eta izen-ematea irekita dago martxoaren 2ra arte, www.etakitto.eus webgunearen bitartez.

Aurtengo programak azken urteetako gidoia jarraituko du, hitzaldiak goizeko ordutegian izango direlarik. 9:00etan ongietorria emango zaie parte-hartzaileei eta lehen hitzaldia UPNAko irakaslea den Paula Kasaresena izango da, 'Nerabezaroan euskarari eustea. Zerk finka-tzen du transmisioa?'. Jarraian Unai Viana, Arabako Gazte Euskaltzaleak taldeko kideak 'Arabarra, gaztea eta euskaltzalea... Bai! Eta zer?' aurkeztuko du. Arabatik atera gabe Leire Diaz de Gereñu eta Isabel Santamaria Gasteizko Ramon Bajo ikastetxeko gurasoek bere ikuspuntua emango dute erdal eremuko ikastetxe batean euskara biziberritzeko saiakeran.

Beste ikastetxe batetik etorriko dira Imanol Canales eta Garikoitz Lasa 'Ideia abstraktutik, sentimenduen adierazmenera' izeneko hi-tzaldia ematera, Bilboko Ave Maria Ikastetxetik. 'Praktika txikiak, bizipen handiak. Hizkuntza- praktikak aktibaziorako bidean' izango da eguerdira eramango duen hitzaldia, AEK-ko Praktikatu zerbitzuko koordinatzailea den Edorta Lopez Rey-ren eskutik.

Atsedenaldia eta gero Biarrizko Herriko Etxeko euskara teknikaria eta Mintzalasai elkarteko kidea den Eneko Gorrik 'Ipar Euskal Herrian, zer berri? Transmisioa, ezagutza, erabilera, jarrerak, diskurtsoak... eta etorkizunerako erronkak' hitzaldia eskainiko du, eta Amelia Barquin MUNeko irakasleak ikasle etorkinek euskararengan duten eragina azalduko du. Jardunaldiari bukaera emateko mahai-ingurua egongo da Jaime Altunaren gidaripean. Bertan Paula Kasares, Amelia Barquin, Unai Villana eta Leire Diaz de Gereñu arituko dira.

Hitzaldiak eta mahai-ingurua 14:30ak aldera bukatuko dira eta jarraian bazkaria egongo da parte hartu nahi dutenentzat.

Zalantzak argitzeko 943200918 (Ainara) telefonora edo normalizazioa@etakitto.es helbide elektronikora jo daiteke.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos