'Tantanez tantan'-ek 600 lagun baino gehiago bildu nahi ditu bihar

Hilera. Gantxilak eskuz-esku egingo du ibilbidea. /  MORQUECHO
Hilera. Gantxilak eskuz-esku egingo du ibilbidea. / MORQUECHO

F.M. EIBAR.

Eibarko Euskalgintzaren mahaiak seigarren aldiz antolatu du bihar ospatuko den 'Tantanez tantan' ekitaldia. Aurten Eibarren Akebai plataformaren babesarekin dator eta gainera Euskaraldia ekimenaren aurkezpena jasoko du. Zita eguerdiko 12:00etan izango da eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatuta daude.

Euskarak gantxila baten irudia izango du 'Tantanez tantan' egitasmoan. Urkizuko iturrian urez beteko dute eta eskuz esku eramango dute kaleetan zehar Untzagaraino. Eguerdiko 12:00etan hasiko da dena Urkizun, baina jendeari 11:30erako dagokion tartean egotea eskatzen zaio. «Arropa urdinez eta koadrodun zapiarekin jantzita etor daitezela ere bai», eskatzen dute antolatze taldetik. Eibarko hainbat kolektibok parte hartuko dute ere, eta bakoi-tza tarte jakin batean kokatuko da.

Ekitaldi irekia da biharkoa eta herriko edonork parte hartzeko aukera izango du. «Ibilbide guztia giza katean osatzeko 500-600 bat lagun behar ditugula aurreikusten dugu, ez da gutxi, eta beraz dei egiten diegu eibartar guztiei maiatzaren 19an ibilbidea osatzen egon daitezela, eibartarrok euskaraz bizi nahi dugula lau haizetara aldarrikatu dezagun» diote. Aurtengo azken erreleboa Euskaraldia irudikatzen duten panpinek hartuko dute. 'Belarriprest', 'Ahobizi' eta 'Bihotzgoxo' izango dira bertan, eta udazkenean Euskal Herria mailan ospatuko den Euskaraldia aurkeztuko dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos