'Tantanez tantan' euskararen olatu berritua hilaren 19an izango da

Prest. Eibarko Bizikleta Plazan bildu ziren atzo 'Tantanez tantan' ekitaldian parte hartzera dei egiteko. /  FÉLIX MORQUECHO
Prest. Eibarko Bizikleta Plazan bildu ziren atzo 'Tantanez tantan' ekitaldian parte hartzera dei egiteko. / FÉLIX MORQUECHO

Atzo aurkeztutako ekimena bere seigarren ediziora iritsiko da gantxila eskuz esku Urkizutik Untzagara eramanda

FÉLIX MORQUECHO EIBAR.

Kostaldetik etorritako tsunamirik ez da egongo hemendik hamar egunera, baina bai Eibar euskaraz blai utzi nahi duen olatua. Urkizuko iturrian hasi eta Untzagaraino ailegatuko da 600 bat pertsonen laguntzarekin. Horretarako deialdia egin zuten atzo Eibarko Bizikleta Plazan 'Tantanez tantan, Eibarren euskaraz blai!' lelopean egingo den ekitaldian parte hartzera.

Eibarko Euskalgintzaren mahaiak seigarren aldiz antolatu du 'Tantanez tantan' ekitaldia, eta aurten Eibarren Akebai plataformaren babesa da berritasuna. Beste aldaketa bat: Euskaraldia ekimenarekin lotuta dago. Azken hau udazkenean egingo da Euskal Herria mailan eta Euskaraldiko panpinak izango dira gantxila hartuko duten azkenak. Jarraian ekitaldi honen aurkezpena egingo da ere.

Baina 'Tantanez tantan' egitasmoak aurreko urteetako prozedura eta helburua jarraituko du. Gantxila bat Urkizuko iturrian urez beteko dute eta eskuz esku eramango dute kaleetan zehar Untzagaraino. Aurten, aurreko edizioetan baino ordubete lehenago hasiko da ibilbidea, eguerdiko 12:00etan. «Jendeari 11:30erako dagokion tartean egotea eskatuko diogu, eta pazientzia izan dezatela. Eta arropa urdinez eta koadrodun zapiarekin jantzita etor daitezela ere bai», azaltzen dute antolatze taldetik. Aurretik deialdia luzatu zaie Eibarko hainbat kolektibori eta bakoitza tarte jakin batean kokatuko da.

Baina deialdia irekia da eta herriko edonork parte hartzeko aukera izango du. «Ibilbide guztia giza katean osatzeko 500-600 bat lagun behar ditugula aurreikusten dugu, ez da gutxi, eta beraz dei egiten diegu eibartar guztiei maiatzaren 19an ibilbidea osatzen egon daitezela, eibartarrok euskaraz bizi nahi dugula lau haizetara aldarrikatu dezagun» diote.

Kartela eta pegatinak

Atzoko ekitaldiak kartela eta edizio honetara begira sortu diren pegatinak aurkezteko ere balio izan zuen. Herria girotzea da helburua eta horretara lagunduko dute Mogel Isasiko hankapaloak eta Musika Eskolako soinujoleak. Hauek 19an kaleak alaitzen egongo dira eta berritasun moduan Eibarko Batukada Feminista ere arituko da.

Ekitaldi honen ardura Eibarko Euskalgintzaren mahaiarena da. Erakunde hau orain dela hamarkada bat osatu zen, Kontseiluak hamar urte bete zituela eta lehen 'Tantanez tantan' antolatuz. Ordutik hona bi urtean behin ospatzen da euskararen aldeko ekitaldia parte-hartze zabala lortuz.

Gaur egun 15 bat kidek osatzen dute Eibarko Euskalgintzaren mahaia. Bertan herriko ikastetxe guztiak daude, euskaltegiak, Astixa, Arrate Kultur Elkartea, Eibarko Klub Deportiboa, Badihardugu eta Eta kitto! Euskara Elkartea. Mahaia parte hartu nahi duen edonori irekia dago eta urtean zehar 'Tantanez tantan' antolatzeaz gain abenduko Euskararen Eguneko ekitaldiaz ere arduratzen da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos