'Ondo egindako lana' eskertuko diote Abel Barriolari Armeria Eskolan

Eibarren. Barriolak agur esan zion maiatzean Astelenari./MORQUECHO
Eibarren. Barriolak agur esan zion maiatzean Astelenari. / MORQUECHO

Hitzaldia datorren asteartean izango da, pilotariak Joseba Urkiola kazetaria solaskide izango duelarik

FÉLIX MORQUECHOEIBAR.

Badira urte batzuk Armeria Eskolak 'Ondo egindako lana' programa martxan jarri zuela. Bere helburua esparru desberdinetako profesionalen ibilbidea txalotzea da, baina aldi berean hausnarketarako gune bat irekitzea pertsona hauei hitza emanda.

Ikasturtea abian jartzen den unean kirolari bat izango da lehena ikasgelan, Abel Barriola. Zita datorren asteartean izango da, hilak 12an, arratsaldeko 19:00etan.

Zer
'Ondo egindako lana' solasaldia, Abel Barriola pelotaria eta Joseba Urkiola kazetariarekin.
Noiz. Irailaren 12an, asteartea, arratsaldeko 19
00etan.
Non
Armeria Eskolan.
Izen-ematea
Doan, 943 203 244 telefonoan edo komunikazioa@armeriaeskola.eus posta elektronikoan.

Abel Barriola leitzarra da baina urtetan izan da enpresa eibartar batean langile. Ez da eskopeta tailerra edo piezak egiteko lantegia berea, pilota enpresa baizik. Asperekin sinatu zuen atzelariak 2003. urtean, profesionaletan 1998tik aritu eta gero. Ibilbide horretan hainbat aldiz jokatu du Astelena frontoian eta Eibarko ikuslegoak ere bere faboritoen artean jarri du. Udaberrian esan zion agur bere jardun profesionalari eta Eibarren jokatu zuen azken partida maiatzaren 1ean izan zen.

«Ez da txapel gehien irabazi duena, baina bai pilotazaleen artean bihotz gehien irabazi duena»

Azkar hartu zuen Abelek aldagelen bidea txaloak jaso eta gero, baina asteartean giro lasaiago batean arituko da Eibarren. Pilotaren ordez hitza izango du erreminta eta horretan lagunduko diona beste lei-tzar bat izango da, Joseba Urkiola ETBko kazetaria. Berak gidatuko du solasaldi irekia. Joateko interesa dutenek izena eman dezakete Armeria Eskolan.

'Ondo egindako lana' programa bilgune bat izateko filosofiarekin asmatu zen, «non lan esparru ani-tzetako profesionalek, euren ideiak eta gogoetak solasean partekatzen dituzten; euren lan onaren oinarriak eta gakoak azaltzen eta elkarbana-tzen dituzten foroa; aritu eta adituengandik ikusi eta ikasi daitekeen bilgunea. Azken batean, lanaren, ahaleginaren eta dezentziaren baloreak gizarteratuz, 'ondo egindako lana', geure etorkizunerako oinarrizko estrategia gizabaliatzeko», diote antolatzaileek.

Programa honek bere bederatzigarren saioa izango du datorren astean eta orain arte pasa direnak industria, literatura, kirola edo musika bezalako esparruetatik etorri dira. Oraingoan Abel Barriola pilotariaren ibilbidea txalotu nahi dute.

«Pilotari jator eta eredugarria nahi dugu errekonozitu, goraipatu eta eskertu, profesionalki erretiratu berri den honetan, bere ibilbide osoan eskaini, erakutsi eta irakatsi digun baloreak azpimarratu. Badakigu ez dela txapel gehien irabazi duena, baina bai pilotazaleen artean bihotz gehien irabazi duena».

Baloreak eta emaitzak

Armeria Eskolakoek Barriolaren baloreak mahaia gainean jarri nahi dituzte. Asko izan dira bere jarrera profesionala goraipatu dutenak, lesio larriak izan ditu eta kementsu aritu da bere maila berreskuratzeko. Frontoian ez du inoiz aurpegi txarrik jarri eta tinko aritu da egun on eta txarretan.

Baina Abel Barriolaren ibilbidean giza baloreek emaitzak ere ekarri dituzte. Martínez de Irujo, Bengoetxea VI, Urrutikoetxea, Arretxe eta Retegi II.arekin batera hiru txapel nagusiak lortu dituen pilotaria da. 2002an lortu zuen buruz buruko txapela Rubén Belokiri irabazita, atzelarien arteko finalean. Lau t'erdikoa aurreko urtean irabazi zuen Eugi aurkari izana, eta bikoteen artekoan Juan Martínez de Irujo izan zuen lagun 2014an, hiru txapelak edukitzeko balio izan zion txapelketan. Maiatzean, profesional moduan bere azken partida jokatu zuen Abel Barriolak. Asteartean, berriz, hemeretzi urteko ibilbideak eman dizkion gogoetak ezagutzeko aukera emango du.

Fotos

Vídeos